ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Ezagutu Batzar Nagusiak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Gaur egun

Batzar Nagusiak berrezartzea.

Batzar Nagusiak Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusiak berrezartzeko Errege Lege Dekretuaren (18/1977 Errege Lege Dekretua, martxoaren 4koaKanpoko lotura) bitartez ezarri ziren berriro; aurretik, 1937. urtean kontzertu ekonomikoaren erregimena kendu zuen legeria indargabetu zen.

 

Espainiako Konstituzioa onartu ondoren, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusien antolaketa eta jarduera arautzeko errege dekretuek (hurrenez hurren, 122/1979, 123/1979Kanpoko lotura eta 124/1979 Errege Dekretuak, urtarrilaren 26koak) hautaketa zehazki nola egingo zen eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusien eskumenak zeintzuk izango ziren ezarri zuten.

 

Xedapen horietan aurreikusten zen Gipuzkoan 81 batzarkide hautatuko zirela bozketa unibertsal zuzeneko eta sekretuaren bitartez, Lurraldeko 4 hauteskunde-barrutietan; barrutiok lehendik zeuden epaitegi-barrutiak berak ziren (Azpeitia, Donostia, Tolosa eta Bergara), bakoitzari gutxienez 5 batzarkide zegozkion, eta gainerakoak biztanle kopuruaren arabera banatzen ziren. Gainera, hautaketa udal?hauteskundeekin batera egingo zela ezarri zen, baina zinegotziak eta batzarkideak hautatzeko botoak hautestontzi desberdinetan jasoz.

 

Lehenengo Batzar Nagusiak eratzea.

1979ko apirilaren 3an hauteskundeak egin ondoren, apirilaren 22an eratu ziren XX. mendeko lehenengo Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Arrasaten (1876. urtean foru-araubidea kendu izan ez balitz bildu beharko zuketen herrian).

 

Bilkuran diputatu nagusia hautatu zuten, Xabier Aizarna Azula jauna, hain zuzen ere. Trantsizioko une hartan indarrean zegoen legeriaren arabera, Espainiako Erregea zen Batzar Nagusietako lehendakari, eta hark berak zuzenean bete zezakeen kargu hori edota Erregearen izendatutako ordezkari baten bitartez. Juan Carlos I.ak diputatu nagusi hautatzen zutena izendatu zuen Erregearen ordezkari. Bilkura berean onartu zen Gipuzkoa Eusko Kontseilu Nagusian sartzea eta Batzar Nagusien araudiaren aurreproiektu bat prestatzeko batzorde bat izendatzea.

 

Autonomia Estatutua eta erakunde-arautegia.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren Lege Organikoa (3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa) Kanpoko lotura, "Gernikako Estatutua" esaten zaionak, 3 euskal lurraldeek beren burua antolatzeko duten ahalmena berretsi zuen; 1979ko abenduaren 18an eman zitzaion behin betiko onarpena, eta 37. artikuluan lurralde historikoenak baino ez diren eskumen-esparruak finkatzen ditu. Geroxeago, 1981. urtean, 1937. urtean kendutako kontzertu ekonomikoaren araubidea berreskuratu zen. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa zen Gipuzkoako Lurraldeko erakundeak antolatu zitzan eta legedi berria Gipuzkoara egokitu zezan foru-arau bat.

 

Hala, 1983ko urtarrilaren 13an Donostian egindako Batzar Berezian onartu zen Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketarako Foru Araua, 1983ko otsailaren 26koa Kanpoko lotura (2005. urtera arte indarrean egon zena); Foru Arau horrek Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia Gipuzkoako erakunde eta foru-organoak zirela aitortzen zuen. Arau horri jarraiki, Batzar Nagusiak herritarren ordezkaritzaren eta parte-hartzearen organo gorena dira.

 

Hauteskunde-arautegia eta 2. agintaldia.

Batzar Berezi hartan bertan onartu zen, era berean, "Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusietarako hauteskundeen lege-proposamena". Xedapen horretan ezarri zen Lurraldeak 51 batzarkide izango zituela eta bozketa unibertsal zuzeneko eta sekretuaren bidez hautatuko zirela, Lurraldeak zituen 7 hauteskunde-barrutietan proportzionalki banatuak, barruti bakoitzak gutxienez 2 batzarkideren ordezkaritza izango zuelarik.

 

1984ko uztailaren 2an Getarian izan zen Batzar Nagusi edo Ohikoa hasi aurretik

1984ko uztailaren 2an Getarian izan zen Batzar Nagusi edo Ohikoa hasi aurretik, Mahaiko Idazkaria eta Lehendakaria (Esnal eta Aizarna jn.k), Getariako alkatea (Camio jn.) eta Diputatu Nagusia (Ardanza jn.)

Eusko Legebiltzarrak martxoaren 7ko 2/1983 Legearen Kanpoko lotura bidez onartu zuen aipatu proposamena; ondoren, 1983ko maiatzaren 8an, beste hauteskunde batzuk egin ziren, eta 2. agintaldiari hasiera eman zitzaion Xabier Aizarna Azula lehendakari zela.

 

Agintaldi horretan, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko Legea (27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa) Kanpoko lotura onartu zen, "Lurralde Historikoen Legea" izenez ezagunagoa dena. Lege horretako zioen azalpenean jasotzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren antolaketa politiko-administratibo berria eta bertako lurralde historikoen lege-araubide pribatiboa eta eskumenak uztartzea du helburu Legeak.

 

Agintaldi hartan, 1985eko ekainaren 12ko Batzar Nagusi edo Ohikoan, gaur egun indarrean dagoen Gipuzkoako Batzar Nagusien Jarduerarako Araudiaren Foru Araua (5/1985 Foru Araua, ekainaren 25ekoa) onartu zuten Batzar Nagusiek.

 

1987ko apirilaren 1eko Batzar Berezi edo Ezohizkoaren ikuspegi orokorra.

1987ko apirilaren 1eko Batzar Berezi edo Ezohizkoaren ikuspegi orokorra.

3. agintaldiari zegozkion hauteskundeak (1987-1991) hauteskunde?lege berria indarrean zela egin ziren: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzko Legea (1/1987 Legea, martxoaren 27koa) Kanpoko lotura. Lege horretan aurreikusten da 51 batzarkide hautatuko direla; horretarako, Lurraldea lau barrutitan banatzen du, eta barruti bakoitzetik batzarkide kopuru jakin bat hautatzen da biztanleen arabera.

 

Lehendakariak

1979. urtean berrezarri zirenetik, hauek izan dira Gipuzkoako Batzar Nagusiek garatu dituzten legealdiak:

 

 

Erakunde-arautegi berria.

1983az geroztik 20 urtetik gora pasa dira, eta Gipuzkoako gizarteak izan duen garapenaren, Europako testuinguru politiko berriaren eta, batik bat, eskumenen alorreko arautegiak Foru Aldundiari egindako eskumen-esleipenaren ondorioz, Lurraldeko erakunde-antolaketa berriz aztertu eta egokitzeko beharra ikusi zen.

 

Hala, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Araua (6/2005 Foru Araua, uztailaren 12koa Kanpoko lotura) onartu zen; Foru Arau horren bitartez, 1983ko otsailaren 26ko Foru Araua (foru-erakundeak antolatzen zituena) eta 1984ko maiatzaren 30eko Foru Araua (Lurralde Historikoaren gobernu- eta administrazio-araubidea zehazten zuena) berriz ere eman ziren goitik behera.

 

Hitzaurrean esaten den bezala, Foru Arau berrian abiapuntu gisa lehendik eratua dagoen berezko autoantolaketa hartzen da, non, legebiltzar-sistema baten ildotik, Batzar Nagusiak Lurralde Historikoaren ordezkaritzaren foru-organoa diren, eta Foru Aldundia, berriz, foru-organo exekutiboa.

 

Bestalde, Batzar Nagusien Osoko Bilkurak, 2006ko uztailaren 2an Errenterian egin zuen bileran, Gipuzkoako Batzar Nagusien Araudia Kanpoko lotura onartu zuen, egun indarrean dagoena. Horrekin bukatu zen 1985ean onartutako Araudia berriz aztertzeko VI. agintaldian abian jarritako prozesua. Testu berrian hauek txertatu dira, besteak beste: aurreko Araudian egin ziren zatikako aldaketak, Araudi hura osatu zuten ebazpen orokorrak eta denborak aurrera egin ahala beharrezkotzat ikusi izan diren hainbat hobekuntza. Halaber, Erakundearen legebiltzar-izaera indartzen duten berrikuntza batzuk ere jaso dira, 6/2005 Foru Arauak Batzar Nagusiez egiten duen definizioaren ildotik; hain zuzen ere, "Gipuzkoako legebiltzar" gisa definitzen ditu. Hala, batetik, Ganberaren barne-banaketa organiko berria xedatu da, eta, horren bitartez, bere egitura gainerako legebiltzarrek dutenaren antzekoagoa da; bestetik, kontrol-lana eta sustatze-lana egiteko tresnetan zenbait aldaketa egin dira; eta, azkenik, batzarkideen estatutua berriz arautu da.

 

Batzar Nagusiak eta Gipuzkoako gizartea.

Batzar Nagusiak gipuzkoarrek beren Lurralde Historikoaren gobernuan duten ordezkaritzaren eta parte-hartzearen organo gorena dira gaur egun. Mende laurden eskaseko epealdi honetan, aldaketa asko egon dira Batzar Nagusietan, batik bat bertako dokumentazioa eta eztabaidak euskaratzeari dagokionez, emakumearen parte-hartze aktiboari dagokionez (Batzar Nagusien mendetako historian lehenengo aldiz emakume bat izan zuten lehendakari 1995. urtean), eta Erakundearen lana informatizatzeari dagokionez. Halaber, Foru Aldundia politikoki kontrolatu eta sustatzeko organoa diren aldetik, Gipuzkoako gizartea garatzen eta modernizatzen lagundu dute oro har.

 

Dena den, Gipuzkoako gizarteak eskuarki ez daki ez Batzar Nagusien zereginak zeintzuk diren, ez erakundea bera badenik ere.

 

Horren arrazoia izan daiteke Batzar Nagusiek 1983. urtea arte ez zutela erreferentzia finkoko egoitzarik izan; urte hartan kokatu ziren Aldapetako Etxe Zurin (Donostia) beren administrazio-bulegoak, batzarkide taldeenak, Mahaiaren eta batzordeen bilkura-aretoa eta lehendakariaren eta aholkularitza juridikoaren bulegoak. Hasiera-hasieratik ikusi zen egoitza horrek muga asko zituela erakundearen lana aurrera eramateko; horien artean azpimarragarriena zen osoko bilkurak toki ezberdinetan egin behar izan zirela, egoitzatik kanpo betiere. Horregatik, urte horietan zehar beren lana baldintza egokietan egin ahal izateko egoitza aproposa aurkitzeko saiakera egin zen. Azkenik, Miramongo Teknologi Elkartegian (Donostia) eraikin berria egiteko lanak hasi zituzten. 2007ko martxoaren 21ean inauguratu zen, eta denbora batean osoko bilkurak egiteko erabili zen. 2007ko apirilaren 2an, hauteskundeetara deitu zutenez, Batzar Nagusiak desegin ziren, eta legealdia amaitu zen. 2008ko urtarrilaren 25ean, Miramongo egoitza berrira joan ziren BNak, erabat eta behin betiko.

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.