ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:
Desplegar menú Mostrar buscador

Ezagutu Batzar Nagusiak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Aldundiaren jarduna kontrolatzea eta sustatzea

FUNTZIOEN ATALEKO AUKERAK

Xabier Lete Kultura Diputatua Batzarrari hitz eginez

Xabier Lete Kultura Diputatua Batzarrari hitz eginez, 1986ko maiatzaren 14ko Batzar Berezi edo Ezohikoan.

Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien arteko harremanak parlamentu-sistemen berezko harremanak dira, hau da, Foru Aldundia (botere betearazlea) bere kudeaketaren erantzule da Batzar Nagusien aurrean (botere legegilea), eta Batzar Nagusien kontrolpean dago. Batzar Nagusiek diputatu nagusia izendatzeaz gain, diputatu nagusiari kargua utziarazi diezaiokete zentsura-mozioa izeneko tresnaren bidez. Halaber, beste tresna batzuk ere badituzte foru-gobernuaren kudeaketa politikoa kontrolatzeko eta sustatzeko.

 

Foru Aldundiaren jarduna kontrolatzeko eta sustatzeko tresnak honako hauek dira:

 

4.1 Zentsura-mozioa.

Batzar Nagusiek Foru Aldundiari erantzukizun politikoa eska diezaiokete zentsura-mozioa onartuz. Zentsura-mozioa gutxienez hamabost batzarkidek proposatu behar dute, eta diputatu nagusi izateko hautagaia proposatu beharra daukate. Zentsura mozioa aurkeztu eta hurrengo bi egunetan ordezko mozioak aurkez daitezke, baldintza berdinak beteta.

 

Osoko Bilkurako eztabaidari hasiera emateko, zentsura-mozioa izenpetu duten batzarkideetako batek mozioa defendatuko du. Jarraian, hautagaiak hitz egingo du bere gobernu-programa azaltzeko. Gero, batzarkide talde bakoitzeko ordezkari batek hitz egin ahal izango du.

 

Zentsura-mozio bat bozkatu eta Osoko Bilkuraren gehiengo osoak onartzen badu, diputatu nagusiak kargua galduko du, eta ulertuko da mozioan azaldutako hautagaia aldarrikatu dutela diputatu nagusi.

 

Foru-diputatu bati ere eska dakioke bere eskumenen barruan erantzukizuna, zentsura-mozio bat onartuz. Zentsura-mozio horiek bideratzeko, diputatu nagusiari buruzkoentzat ezarritako baldintzak bete behar dira, hautagaia proposatu beharra izan ezik.

 

Mozioa onartuz gero, diputatu nagusiak kargutik kenduko du berehala, eta beste norbait jarriko du karguan.

 

4.2 Konfiantza-eskaera.

Egoera batzuetan, diputatu nagusiak, bere gobernu-talde osoarekin eztabaidatu eta gero, Batzar Nagusiei konfiantza-eskaera aurkez diezaieke bere programa politikoaren edo adierazpen politiko baten gainean.

 

4.3 Politika orokorrari buruzko urteko adierazpena.

Urteko bilkura-aldiaren hasieran, Osoko Bilkurak Foru Aldundiaren politika orokorrari buruzko eztabaida egiten du, eta diputatu nagusiak ebaluazio bat egiten du, urtean zehar hasitako ekintzak eta lortutako helburuak adieraziz, eta hurrengo urterako asmoak agertzen ditu.

 

Eztabaida hasteko, diputatu nagusiak hitz egiten du, eta ondoren batzarkide talde bakoitzeko ordezkari batek.

 

Eztabaida bukatu eta gero, batzarkide taldeek hogeita lau orduko epea daukate mozioak aurkezteko. Mozio horiek Osoko Bilkurak eztabaidatuko ditu, epea bukatu eta hurrengo bost egunetan egin beharko den bileran.

 

Agintaldiko lehenengo ekitaldian ez da nahitaezkoa izango eztabaida hau egitea.

 

4.4 Eztabaida monografikoak.

Batzar Nagusiek jardun politikoari eta gobernu-jardunari buruzko eztabaidak egin ditzakete, Foru Aldundiak eskatzen duenean, bi batzarkide taldek eskatzen dutenean edo Batzar Nagusietako batzarkideen bostenek eskatzen dutenean.

 

Eztabaida amaitutakoan, gehienez bi orduko epea emango zaie batzarkide taldeei mozioak aurkez ditzaten Osoko Bilkuran bozkatu eta eztabaidatzeko.

 

4.5 Ebazpenak.

Sustatze-lanaren eta zuzendaritza politikoaren tresna adierazgarriena dira. Batzarkide taldeek ebazpen-proposamenak aurkez ditzakete, bai Foru Aldundiari jarduera zehatz bat egiteko eskatzeko, bai Batzar Nagusiek beren iritzia eman dezaten Lurralde Historikoarentzat interesgarria den gai bati buruz.

 

Eztabaidan parte hartu duten batzarkide taldeek beren jarrera azaldu ondoren, ebazpena eta aurkeztu dituzten zuzenketak bozkatuko dituzte.

 

Ekimen horiek ez dute araugintzako izaerarik, eta, horregatik, organo batengana zuzendu arren, juridikoki ez dute ezertara behartzen. Halere, Ganberaren Barne Araudiak tresna bat aurreikusten du Foru Aldundiari zuzendutako ebazpenak bete diren kontrolatzeko: Foru aldundiak batzorde eskudunari txostena eman behar dio, ebazpen horiek nola bete dituen azaltzeko. Txosten hori batzordeak eztabaidatuko du, eta bere iritzia emango du ebazpenak bete diren ala ez esanez.

 

4.6 Galderak eta interpelazioak.

Tresna horien bidez gobernua kontrolatzen da. Batzarkideek gai edo gertaera bati buruzko informazioa eska dezakete, edo Foru Aldundiaren politikari dagozkion gai zehatzei buruzkoa.

 

Galdera foru-gobernuari dagokion edozein gairi buruzkoa izan daiteke. Erantzuna Osoko Bilkuran edo gaiaren arabera eskumena duen batzordean jaso daiteke, edo idatziz ere bai.

 

Interpelazioak beti Osoko Bilkuran bideratzen dira, eta Foru Aldundiak bere politikari dagozkion gai zehatzetan duen jokabidearen arrazoiez edo asmoez arituko dira. Interpelazioen ondorioz mozioak egin daitezke, arauz besteko proposamenen antzekoak, Ganberak iritzia eman dezan.

 

4.7 Agerraldiak eta informazio-eskaerak.

Informazioa jasotzeko beste era batzuk ere badaude. Gai jakin bat dela eta, foru-diputatuak Batzar Nagusien batzordeen aurrean ager daitezke, edo Foru Aldundiak agiriak bidal ditzake, batzarkideek eskatuta.

 

4.8 Erakunde-adierazpenak.

Erakunde-adierazpen bat onar dezake Bozeramaileen Batzordeak, herritarren interes orokorrari edo pertsonen oinarrizko eskubideen defentsari eta babesari eragiten dion gai bati buruz. Erakunde-adierazpena batzarkide talde batek edo Batzar Nagusietako Lehendakariak proposatu behar du, eta Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu.

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.