ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Ezagutu Batzar Nagusiak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Erdi Aroko historia

HISTORIOEN ATALEKO AUKERAK

Alfontso VIII.a (1158 - 1214) foruak zin egiten.

Alfontso VIII.a (1158 - 1214) foruak zin egiten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko beiratea. José Echenagusiaren bozetoa (1890)

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Erdi Aroan izan zuten eginkizuna ulertzeko, funtsezko bi hitzen esanahia azaldu behar dugu lehendabizi: Ermandadea eta Probintzia.

 

Ermandadea, hainbat herrik edo eskualdek (herri, herriska, biztanlegune, bailara eta abarrek) osaturiko ELKARTE edo aliantza zen, eta helburu desberdinak izan zitzakeen: merkataritza, epailaritza, ordena publikoa, mugen defentsa eta abar. Gipuzkoarrek ermandade ugaritan parte hartu zuten XIII. mendeaz geroztik. Gehientsuenak bizialdi laburrekoak izan ziren eta ez zuten beren barrenean Gipuzkoa osoa hartzen. Nolanahi ere, XIV. mende amaieran (1397) herri-mailaz gaindiko aliantza edo ermandade bat finkatu zen Gipuzkoan; iraun egin zuen eta, denboraz, Gipuzkoa OSOrako erakunde IRAUNKORRA bihurtu zen. Bere sorreran epailaritzaz eta ordena pubiikoaren defentsaz arduratzen zen aliantza hori. Izan ere, beraren partaide ziren herriek uste zuten elkar harturik hobeto egingo zietela aurre nekazal inguruneko handikien lapurretei. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, elkarte horrek bestelako ahalmenak ere eskuratu zituen: gobernu, zerga, armada eta legeei zegozkienak, hain zuzen. Hala, iraun zuen Gipuzkoako Ermandade Nagusi hori, lurraldeko organo politiko eta judizial garrantzitsuena bihurtu zen.

Gipuzkoaren armarri zaharra

Gipuzkoaren armarri zaharra

Gaurko pentsaeraren ikuspegitik, probintzia nortasun politikorik gabeko lurralde zati bat litzateke, oso-osorik aginte zentralaren mende legokeena. Hala ere, Erdi Aroko gipuzkoarrentzat Probintzia Ermandade Nagusiaren agintepeko LURRALDEA zen, bere foru eta abantailak zituen esparru bat.

1453ko Ordenantzak.

1453ko Ordenantzak. GAO/AGG. Argazkia: GAO/AGG

Aipatutako Gipuzkoako Ermandade Nagusia osatzen zutenek, jakina, biltzarrean bildu behar izaten zuten aldian behin, gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko. BILKURA edo biltzar horiek Batzar izenez ezagutzen ziren. Gipuzkoa osoa ordezkatzen zutenekotzat jo daitezkeen lehenengo Batzarrak 1397. urtekoak dira, eta Getarian bildu ziren. Hurrengo idazpuruak haiei buruzkoak eta haien ezaugarri eta bilakaerari buruzkoak dira.

Urtean bitan biltzen ziren: neguan eta udan. Negu parteko Batzarrak Santu Guztien Eguna igaro eta handik hamairu egunetara egiten ziren. Udakoak, berriz, Bazko Garizumakoa igarota, hamahiru egun geroago. Haien iraunaldiari dagokionez, era askotako argitasunak dauzkagu, horietako batzuk kontraesanean ageri bazaizkigu ere. 1457ko ordenantzetan azaltzen denez, 12 egunen barruan egiten ziren, eta denbora hori pasata prokuradoreek ezin zuten inolako eskaerarik entzun edo bideratu; harrigarria bada ere, Ordenantza horietxek baimena ematen zieten bertan bilduta zeudenei luzeenez ere beste hogeitabost egunetan bilduta jarraitzeko. Negu eta uda parteko ohizko batzar horiek ziren Batzar Nagusiak.

Domenjon González de Andia tolosarra, Gipuzkoako Eskribau Nagusia XV. mendean.

Domenjon González de Andia tolosarra, Gipuzkoako Eskribau Nagusia XV. mendean. Federico Guevararen olio-pintura. JABEA: TOLOSAKO UDALA

Prokuradorea ordezkari bat zen. Prokuradoreek Gipuzkoako Ermandadeko partaideak (herriak eta bestelako entitateak) ordezkatzen zituzten Batzar Nagusietan eta Berezietan. Herri nagusiek prokuradoreak aukeratzeko eskubidea zuten. Prokuradore bakoitzak herri bat bakarrik ordezka zezakeen, edo gehiago, hiriren batek gerra arazoengatik Batzarretara joaterik ez zeukanean.

 

Batzarretako partaide izateko, ordezkatzen zuten herriko bizilaguna behar zuten izan, eta Batzarretan ez zen onartzen apaizek edo letratuek parte hartzerik. Prokuradoreez gainera, baziren Batzarretan Probintziaren soldata jasotzen zuen letratu bat, lehendakaria -horren izendapena 1.505ean arautu zen-, Ermandadeko alkate izeneko bi epaile, eskribau leial bat, probintziako zergen "biltzaileak', eta abar.

Libro de los Bollones.

"Libro de los Bollones". 1481-1505. GAO/AGG. Argazkia: GAO/AGG

1457an idatzitako Probintziako ordenantzetan (legeetan) Batzar Nagusiak egiteko haran eta hiriak zehazten dira. Hiru haran dira: Segura eta Ordiziako Harana, Arrasate eta Bergarako Harana eta "Valle de la Marisma' izenekoa. Era berean, haran bakoitzaren barruan bilerak zein herritan egingo diren ere adierazten da. Aurreneko haranean, Segura, Ordizia, Tolosa, Hernani, Villanueva de Oyarzun (Errenteria) eta Hondarribia sartzen dira. Bigarren haranean, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa. Hirugarren haranean, berriz, Donostia, Getaria, Zarautz, Zumaia, Deba eta Mutriku ziren Batzarrak egiteko aukeratutako herriak.

 

"Libro de los Bollones" delakoak - Erdi Aroko Gipuzkoan sortutako legeak biltzen duen obrak- batzarrak zein ordenatan egiten ziren zehazten du, hainbat mendetan honako ordena honetan egin zirelarik: Zestoa, Segura, Azpeitia, Zarautz, Ordizia, Azkoitia, Zumaia, Hondarribia, Bergara, Mutriku, Tolosa, Arrasate, Donostia, Hernani, Elgoibar, Deba, Errenteria eta Getaria.

Usarraga zaharra, Batzar Bereziak biltzen ziren lekua.

Usarraga zaharra, Batzar Bereziak biltzen ziren lekua. ARGAZKIA: Indalecio Ojanguren, 1915. (GAO/AGG, OA 4752)

Uste gabeko arazoren bat izan eta ohizko egunetatik kanpo batzarrerako deia egin behar zenean, batzar horri Batzar Berezia esaten zitzaion, hau da, Batzar Ezohizkoa eta Apartekoa. Usarraga edo Basarte izeneko tokietan aztertu beharreko gai berezia zehaztuta egiten zen horretarako deia.

 

Usarraga Bidanian zegoen, gaur egungo Bidegoian udalerrian. Kokaleku batere erosoa ez zenez, handik hurbil zegoen Bidaniako San Bartolome elizara aldatu zen denboraz. Batzar berezien beste bilera-tokia Basarte izan zen, Azkoitiko udal barrutian.

'Recopilación de Leyes y ordenanzas de la M.N y M.L. Provincia de Gipuzkoa', 'Recopilaciones de Zarategi y Cruzat' izenarekin ezaguntzen den Foru koadernoa.

"Recopilación de Leyes y ordenanzas de la M.N y M.L. Provincia de Gipuzkoa", "Recopilaciones de Zarategi y Cruzat" izenarekin ezaguntzen den Foru koadernoa. GAO/AGG. Argazkia: GAO/AGG

Batzar Nagusiek, Probintziako batzar gorenak izanik, beren esku zeukaten Gipuzkoako bizitza publikoaren kontrola, baita Probintziako partaide eta ofizialena eta Batzar Bereziena ere. Ahalmen horiek, Gipuzkoako foru eta lege bildumetan, "Cuadernos de Ordenanzas" izenekoetan zehaztuta zeuden.

 

Batzar Nagusiek epe jakin baten barruan beren aurrera azaltzeko dei egin ziezaioketen Probintziako edozein herritarri. Era berean, Batzarrek Lurraldean bakea zaintzeko eginkizuna zuten, Kontzejuek edo Ahaide Nagusiek (Gipuzkoako handikiek) sortarazten zituzten istilu eta liskarrak baketuz. Horregatik, Batzarrek ordenantzak bete zitezen begiratu behar zuten, ordena publikoa urratzen zuten bazter-nahasle eta liskarzaleei zigor zibil eta kriminalak ezarriz. Kontrol eta gainbegiratze lan horri dagokionez, epaile arrunten eta Ermandadekoen epaiak eta aginduak ezin ziren burutu, baldin eta Batzar Nagusiek haiek ikusi eta onartzen ez bazituzten.

Gipuzkoako Batzarrek epaiketa eskumena dute ezaugarri berezitzat. Batzarren epalketa eskumenen barruan hainbat gai sartzen dira: batzuk lehen instantziakoak eta beste batzuk apelazio mailakoak.

 

Lehen instantzian hainbat gai epaitzen ziren: larreei buruzko Probintziako ordenantzak ez betetzeagatik sortzen ziren auziak, Probintziak Ahaide Nagusiekin konpondu gabe zeuzkan arazoak, Probintziako bi kontzejuk (udalek elkarren artean zituzten auziak edo partikular baten eta kontzeju (udal) baten arteko desadostasunak, indarkeriazko kasu kriminalak, eta abar.

 

Apelazio mailan, berriz, geroago aipatuko ditugun ermandadeko alkateek emandako epaiak zuzentzeko eskumena zuten Batzarrek, beti ere epai horiek errege-justiziaren kaltetan eta Ermandadearen izen onaren aurka arauz kanpo emanak baziren.

 

Batzarrek berariaz debekatuta zeukaten hainbat gai epaitzea: ezin zuten eskuhartu epaiketa-auto arruntetan nahiz apartekoetan, baizik eta, bakar-bakarrik Ermandadearen koadernoan aurrikusitako gaietan eta Ahaide Nagusiei zegozkien arazoetan. Ezin zituzten auziak beren gain hartu, ezta alkate arruntei aginduak eman ere.

1530 urtean Zumaian ospatutako Batzarren erregistroa.

1530 urtean Zumaian ospatutako Batzarren erregistroa. GAO/AGG. Argazkia: GAO/AGG

Gipuzkoako lurraldea "fuego" izeneko oinarrizko zerga-unitatetan banatuta zegoen. Ordaindu beharreko kopuru jakin bat zegokion fuego bakoitzari eta herri bakoitzak bereak zituen. Fuego kopurua, herri horietako bizilagun kopuruaren arabera finkatzen zen. Hartara, bizilagun gehien zituzten herriek fuego gehiago zituzten eta, jakina, ordaindu ere bizilagun gutxiagokoek baino gehiago ordaindu behar zuten.

 

Gipuzkoako zerga alorreko oinarrizko beste tresna bat banaketa zen; horren bitartez, Batzarrek sortutako gastuak bertako partaideen artean banatzen ziren, bakoitzak zeukan fuego kopuruaren arabera. Lan horretaz bereziki arduratzen zen pertsona bat ere bazuten Batzarrek: bíltzailea.

Merezi du, une batez bederen, kargu horretaz mintzatzea, Ermandadeko kargu berezienetakoa baita. Batzarrek berek izendatzen ez bazuten ere, beraiek idatzi zituzten kargu hori arautu eta kontrolatzeko ordenantzak. Ohar bat egin behar dugu. Erdi Aroan alkate hitzak ez zuen inondik ere gaur egun duen esanahia: epaíle esan nahi zuen. Eta, horren arabera, Ermandadeko alkateak epaile bereziak ziren, Gipuzkoako Ermandade Nagusiko partaideek izendatuak eta pribilegio horren jabe ziren kontzeju edo biztanleguneek aukeratuak. Aukeratutako gizonek izen onaren jabe eta Ermandadea eta monarkaren zerbitzari leial izan behar zuten.

 

Ermandadeko alkateek zituzten ahalmenen barruan nekazal ingurunean sortutako kausa kriminalak sartzen ziren. Mailarik goreneko epaia eman zezaketen epe oso labur baten barruan, zigorrik gogorrenak ezarriz. Epaitutakoen etxeak suntsitzeko ahalmena ere bazuten. Hala ere, ezin zieten atxilotuei oinaze eman (gipuzkoarrei ez behintzat) letratu baten baimenik gabe. Alkateen epaiak Probintzia, Batzar edo erregearen aurrean bakarrik apelatu zitezkeen.

Batzarretako sigilua. Datarik gabe.

Batzarretako sigilua. Datarik gabe. GAO/AGG. Argazkia: GAO/AGG

Gipuzkoako lehenengo diputatuak ordezkari soilak ziren, alegia, herritarren hainbat arazoren kudeaketa bere gain hartzen zutenak Batzar-bilkura batetik bestera. Denboraz, ordezkaritza horrek gero eta ahalmen gehiago bereganatu zituen, gaur egun duen maila hartu arte: probintziako gobernua.

 

Noiz sortu zen Aldundia? Zail da hori jakiten. XV. mende erdialdean edo topa genezake haren aurreneko urratsen aztarnaren bat. Guztiarekin ere, erakunde horrek ez zuen nortasun iraunkor eta zehatzik hartu harik eta 1550ean Tolosan Batzar Nagusiak egin ziren arte, data horretan modu arautuago batez hasi baitziren karguak izendatzen.

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.