ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

EHU-UPVKO udako ikastaroak 2010
Euskal Zuzenbide Zibila: lorpenak eta ikuspegiak

EHUko Udako ikastaroak 2010. Gipukoako Batzar Nagusien partehartzea

"Romerok uste du iritsi dela etorkizuneko euskal Zuzenbide Zibila bultzatzeko unea"

 

Gipuzkoako foru-parlamentuko lehendakari RAFAELA ROMEROk gaur zabaldu du, Juan Antonio Zárate Arabako Biltzar Nagusietako lehendakariarekin eta Itziar Alkorta EHUko errektoreordearekin batera, "Euskal zuzenbide zibila: lorpenak eta ikuspegiak" izeneko ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian egiten ari diren EHUren Uda Ikastaroen barruan. ROMEROk ikastaro honetan foru-parlamentuen erakundeak eta parlamentu erkidearen erakundea -batzar nagusiak eta Eusko Legebiltzarra- elkarrekin lanean aritu izana azpimarratu du; izan ere, aztergaiak "itxura tekniko eta abstraktu elkor baten atzean, euskal herritarren bizitzan zuzenean eta funtsean eragiten duten arazo batzuk ezkutatzen ditu", haren ustez.

 

 

"Batik bat familiaren eta ondorengotzaren esparruko gaiez ari gara, gure tradizio historikoan eta juridikoan jabetzaren ikusmolde jakin bati lotuta dauden horietaz". ROMEROren esanetan, ikastaroaren helburu nagusiak dira euskal zuzenbide zibilaren arautegiaren gaur egungo egoera aztertzea eta euskal herritarren arteko harreman pribatuak arautu ditzaketen etorkizuneko ildoak ikertzea, eta, horretarako, "hizlari bikainen lankidetza eduki dugu, gai konplexu hori sakon aztertuko dutenak".

 

Lehendakariak adierazi duenez, "iritsi da gure zuzenbide zibilaren etorkizuna zehazteko azterketari aurre egiteko ordua. Herritarren eskubideei eta askatasunei eragiten dieten desberdintasun garrantzitsuak daude, beren bizilekuaren arabera. Familiaren eta ondorengotzaren esparruari eta jabetzaz daukagun ikusmolde historikoari eragiten dieten gai garrantzitsuez ari gara. Jada denbora puska bat joan da Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta zuzenbide zibilaren esparru honetan oraindik ez dago eskubide-berdintasunik. ROMEROk baieztatu du espero duela gai honi buruzko eztabaidan arrazionaltasuna, zentzua, eskuzabaltasuna eta sakontasuna gailentzea herri-burujabetzaren ordezkarien hausnarketan.

 

 

Lehendakariak esan duenez, euskal zuzenbide zibila "daukan balio historikoaz haratago doa, baina hori sobera aztertu da; horretaz gainera, egungo zuzenbidean badu balio praktiko nabarmena ere, eta etorkizunean jokalekua izan dezake, bai eta oraingo eta geroko sare juridikoan zuzeneko erabilgarritasuna ere". "Norbanakoaren eremu pribatuko askatasun pertsonalaren proiekzioari eragiten dioten funtsezko gaiak ditugu hizpide". ROMEROren arabera, gainera, kontuan hartu behar da "gure herrian euskal legeria zibila askotarikoa da lurralde bakoitzaren barnean eta lurraldeen artean ere, eta askotarikotasun hori errespetatu egiten da, tradizio historikoan oinarrituta".

 

Lehendakariak eskertu egin die Uda Ikastaroen antolatzaileei eta zuzendaritzari berriz ere haiekin elkarlanean aritzeko eta, Euskadiko gainerako parlamentuekin batera, euskal zuzenbide zibilari buruzko azterketa hau gauzatzeko izan duten aukera.

 

ROMEROk, halaber, EHUren Uda Ikastaroen aurtengo kalitate handia nabarmendu nahi izan du, "izan ere, beste behin, gizarte-interes handieneko gaurkotasunari irekita egon diren eztabaida-gunea izan dira. Gure unibertsitatea goi-mailako jakintzaren egoitza da, mundu osoan ezaguna, akademia-sona itzela daukana eta goraipatzeko moduko kanporako erakusleiho bat daukana, hala nola Uda Ikastaro hauek".

 

 

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.