ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Rafaela Romeroren diskurtsoa

Rafaela Romeroren diskutsoa

 

 

Carmen, Marixabel, Jaime eta Francisco maiteak, bai eta Maria ere, nahiz eta gaur ezin duen gurekin izan.

 

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria.

 

Diputatu nagusia. Herrizaingo sailburua.

 

Gobernuaren ordezkaria.

 

Epaitegietako agintariak, polizia-agintariak, biktimen elkarteen ordezkariak, batzarkideak, erakundeko langileak, herritarrak, egun on guztioi.

 

Ongi etorriak zuen etxe honetara, Gipuzkoako Batzar Nagusietara.

 

Hamalau urte baino gehiago dira batzarkide naizela, eta azken hiru urteotan Batzar Nagusietako lehendakari izateko ohorea izan dut. Urte guzti horietan zehar, gauza asko ezagutu ditut, asko ikasi dut, hazi egin naiz, nire ideologia eta sinesteetatik haratago ikusi dut, barneratu dut inor ez dela nahitaezkoa, dena hobetu daitekeela barneratu dut, eta ikasi dut inor ez garela erru, aitzakia edo akatsak izatetik libratzen.

 

Jaime Arresek eta Juan Maria Jauregik bazuten jakinduria horretatik zerbait. Euskaldunak ziren, gipuzkoarrak, Deba eta Oria bailaretakoak. Konprometituak ziren, politikoak ziren, borrokalariak ziren, eta saiatuak ziren. Historia berean parte hartu zuten bi gizasemeek, gipuzkoar herriaren eta euskal herriaren historian: hamaika borrokek astindu duten eta mende erdi baino gehiagoz indarkeriak gogor kolpatu duen historian. Indarkeriak eta terrorismoak hausturak ekarri dituzte, eta hausturek batzuok eta besteok sakabanatu gaituzte, aurkako bandoak sortarazi dituzte, lubakiak sortu dituzte, gure lurralde osoan ulertezintasuna erein dute, sorgortasuna erein dute, ahanztura erein dute, eta ezintasuna erein dute.

 

Jaime Arrese zinez prestua zen; emaztea maite zuen, semeak -Jaime eta Francisco- maite zituen, lagunak atsegin zituen, bere printzipioak maite zituen, eguneroko bizimodua gogoko zuen, eta bere euskal lur kutuna atsegin zuen. Bere herria maite zuen, hainbeste maite zuen, non gutxik bezala maite baitzituen ikurrak; guztiok dakigu lehenengo alkatea izan zela gure bandera, ikurriña, jartzen, Elgoibarko Udaleko balkoian, diktadura frankista bukatutakoan legeztatu zutenean.

 

Juan Maria Jauregi, nire adiskide sozialista kutuna. Izaeraz geldiezina, ausarta eta bizizalea. Juan Mari, Marixabelen bizi osoko laguna eta Mariaren aita. Ez zion gure lurraldean geratzeko eskubide zilegiari uko egin, gure eta bere lurrean geratu zen, eta horregatik hil zuten. Zorionekoak izan ginen Juan Mari ezagutzeko eta harekin lan egiteko aukera izan genuenak. Oso gogoan dut haren izaera alaia, eta bakearen alde eta totalitarismoaren aurka zuen konpromisoa. Juan Mari gizon jatorra zen, plazagizona zen, hemen esan ohi dugun bezala. Guztiok ikasi genuen hura maitatzen eta ulertzen, eta ulertu genuen hitzean zuela konfiantza osoa, hitza zuela gatazkak konpontzeko tresna, eta elkarrizketarako zubien bila aritu zela etengabe.

 

Juan Mari eta Jaime ganbera honetako kideak izan ziren, eta biak erail zituzten, indarkeria terroristak ezaugarri dituen fanatismoak eta burugabekeriak akabatu zituen.

 

Ohorezko toki honetan, bi plaka jarriko ditugu, Jaime eta Juan Mariren oroimenez; eta, bi plaka horiek jarriz, aldarrikatzen dugu bi jaun hauek arrazoi etiko eta politikoaren lekuko direla; eta demokraziaren nagusitasunaren froga direla aldarrikatzen dugu.

 

Euskal herria bakera eta askatasunera eramango duten bideak bilatzeko dugun konpromisoaren ikur gisa erakutsiko ditugu.

 

Betirako bakea.

 

Biktimak ahaztuko ez dituen bakea, eta biktimekin zein haien historiekin aberastuko den bakea.

 

Oroimenez betetako bakea, eta errespetutik eta tolerantziatik abiatzen den bakea.

 

Jaime eta Juan Mari erakunde historiko honetako kideak izan ziren. Beraz, elkarrizketaren eta hitzaren egoitza diren Batzar Nagusien ikurra daukate bi plakek. Batzar Nagusien ikurra, eta betibizi lorea: loreak, hemendik aurrera gure oroimenaren mapan grabatuta geratuko diren gure tokiak markatzen ditu. Nahi gabe galdu genituen pertsona guztien oroimenaren mapan. Indarkeriaren ekintza totalitarioaren ondorioz joan ziren "ezinbesteko" pertsona guztien oroimenaren mapan.

 

Batzar Nagusietako lehendakaria naizenez, ekitaldi hau zuzentzen ari naiz, eta hori ohore handia da niretzat. Pozik eta adoretua nago, egoitza honetan giza-duintasuna omentzeko xedea duen tokitxo bat inauguratzen dudalako. Indarkeriaren eta totalitarismoaren salaketa moral eta politikoaren lekukoa izan dadin. Salaketa moral eta politiko horrek balio digulako biktimen bi izen horien eta biktimen izen guztien egia oihukatzeko.

 

Eta ez da oroimen hutsa izango, Jaime eta Juan Mari argi batek lagunduko dituelako beti: argi amaitezin eta agortezina izango dute haiekin beti. Gure herria den bere herriaren alde lan egin zuten pertsona ausart eta zintzo horien izena lagunduko du argi demokratikoak.

 

Adiskideok, gure egunek argia behar dute; argia, gurekin ez daudenei -Jaime eta Juan Mari bezala- ohore egiteko. Ez daudenei eta nabarmendu zirenei, nabarmendu baitziren pertsona leialak izateagatik eta modu grinatsuan sinesteagatik hainbat kausetan, eta kausa horien alde asko eman zutelako, maite zuten euskal gizartearekin leialak izanaz.

 

Argia, estremistak eta fanatikoak izan ez zirenei argi egiteko.

 

Argia, euskal gizarteak indarkeria guztiz eta betirako arbuiatuko duen etorkizunari argi egiteko; etorkizunean beldurra gainditzeko; baloreak biziberritzeko; biktimen egia historikoa berreskuratzeko.

 

Argia, ideologien eta sentimenduen bidez gorrotoa eta indarkeria gizarteratzea eragotziko duen bidea argitzeko.

 

Argia, euskaldun batzuen eta besteen artean galdutako konfiantza berreskuratzeko politika berriak bilatzen lagun gaitzan. Bizi dugun garaiak argiak behar dituelako oraindik ere: argiak, jakiteko bakoitzak zer ardura dugun gure herriak sufritzeari uzteko xedea lortzeko.

 

Hiltzen dutenek hiltzeari uztea nahi dugu, denbora agortu zaielako. Ez dugu indarkeria gehiago nahi. Ez dugu galera gehiago nahi. Ez dugu nahi eta ez dugu ulertzen, eta ez dugu inoiz arrazoituko. Bakearen bidean aurreratu nahi dugu guztiok, gure herriak hainbeste behar eta merezi duen berradiskidetzearen bidean aurreratu nahi dugu.

 

Carmen, Marixabel, zuen senarren omenezko ekitaldi honetan, ezin dut hitzaldia zuek gogora ekarri gabe amaitu. Indarkeriak bizitzak hautsi zizkien bi emakume horiei, eta bakarrik utzi zituen. Nire hitzekin euskal herritarren gehien-gehiengoak urte guzti hauetan zehar esan nahi izan dizuetena helarazten dizuet.

 

Ez zaudete bakarrik, ez dugu zuek bakarrik egotea nahi. Gure etxeak zuen etxe dira. Gure maitasuna eskaintzen dizuegu. Eta hemen gauden gizon eta emakumeak zuentzat eta biktima guztientzat ama, aita, senide eta lagun gara.

 

Juan Goitisolok hitz batzuk idatzi zituen Juliarentzako, baina zuentzako izan zitezkeen, Carmen eta Marixabel.

 

 

Tú no puedes volver atrás
porque la vida ya te empuja
como un aullido interminable.

 

Te sentirás acorralada,
te sentirás perdida o sola,
tal vez querrás no haber nacido.

 

Yo sé muy bien que te dirán
que la vida no tiene objeto,
que es un asunto desgraciado.

 

Entonces siempre acuérdate
de lo que un día yo escribí
pensando en ti como ahora pienso.

 

Un hombre solo, una mujer,
así, tomados de uno en uno,
no son polvo, no son nada.

 

Pero yo cuando te hablo a ti,
cuando te escribo estas palabras,
pienso también en otros hombres.

 

Tu destino está en los demás,
tu futuro es tu propia vida,
tu dignidad es la de todos.

 

Otros esperan que resistas,
que les ayude tu alegría,
tu canción entre sus canciones.

 

Entonces siempre acuérdate
de lo que un día o escribí
pensando en ti como ahora pienso.

 

Nunca te entregues ni te apartes
junto al camino, nunca digas
no puedo más y aquí me quedo.

 

La vida es bella, tú verás
como a pesar de los pesares,
tendrás amor, tendrás amigos.

 

Carmen, Marixabel, hemen GAITUZUE, eta BETIRAKO gaituzue alboan. Eskerrik asko.

 

 

Rafaela Romero

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakari andrea

Donostian, 2010ko martxoaren 22an

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.