ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Herritarrak


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Batzar Nagusietako Lehendakariak osoko bilkura ibiltarian egin zuen hitzaldia

 

AZKOITIA Osoko Bilkura Solemne eta Ibiltaria 2016-07-02

 

Egun on Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkura Ibiltarira etorri zaretenoi, bereziki Azkoitiko alkate orde eta udal agintariei eta herri ordezkari zareten guztioi.

 

Eskerrak ematen dizkizuet azkoitiarrei, egin diguzuen harrera goxoarengatik.

 

Azkoitia alkateorde andrea, zuri dagokizu hitza.

............

 

Eskerrik asko, alkateorde andrea.

 

Batzar Nagusiak gipuzkoarren ordezkaritzaren eta parte hartzearen erakunde gorena dira. Foru Aldundia politikoki kontrolatu eta sustatzeko organoa izanik, Gipuzkoako gizartea garatzen eta modernizatzen laguntzen dute.

 

Garapena eta modernizazioa bai, baina tradizioari ere eutsiz, gure erakundearen izaera ezaugarritzen duten ohiturei jarraituz. Gaurko osoko bilkura, horren adibide garbia da. Izan ere, urtero, uztailaren 2an, Batzar Nagusien Osoko Bilkura egiten da, XIX. mendean finkatutako 23 udalerrietako zerrenda baten hurrenkera jarraituz. Azkoitia egokitu zaigu aurten.

 

Alkateorde anderea, herri-nortasuna aipatu duzu eta gure eskubide historikoak, eta erakundeek eta herri-ordezkariek egin duten defentsa. Defentsa esaten dugunean, zerbait defenditu beharra izaten denean, gauza bat gertatu ohi da aldez aurretik: erasoa. Erasoaren aurrean atera behar izaten du herriak, erakunde eta agintarien bidez, bere eskubideak defenditzera.

 

Kasu horietako bat da Kontzertu Ekonomikoa eta euskal sistema fiskala. Ahotsa altxa izanaren arrasto ugari dago Gipuzkoako Batzar Nagusietan -beste lurraldeetan eta Legebiltzarrean bezala-, Kontzertu Ekonomikoaren defentsan. Izan ere, Estatutuarekin onartutako Itun Ekonomikoa eta euskal zerga-arauak, hasieratik jarri izan baitira auzitan Espainiako zenbait Erkidegok epaitegietara jo ondoren. Kezkatzekoa da eta sumintzekoa ere bai gure eskubide politikoa, gure herria geuk gobernatzeko eskubidea, behin eta berriz auzitan jartzen dutela ikustea. Batzar Nagusietako presidente izanik esan behar dut, errespetua zor zaiola euskal autogobernuari eta herritarren gehiengoak demokratikoki babestu eta onartzen duen erabaki politikori, bai orain bai etorkizunean.

 

Demokraziaren ariketa, zorrotza da eta, batzuetan, zaila. Ez da libre edozer gauza ez edonola jardutea. Urtea bete berriak gara X. Legealdia hasi genuela eta denbora honetan Gipuzkoako gizartea neurtzen ariko da iaz aukeratu zuen herri-ordezkaritzaren maila politikoa, bakoitzak egiten dituen aldarriak eta erabakiak bat datozen begiratuz. Neurgailuetako bat guztion gauzak gobernatzeko ados jartzea da eta, horrekin batera, kultura demokratikoa izatea: alegia, kritikak kritika, salaketak salaketa eta desadostasunak desadostasun -gobernuaren eta oposizioaren arteko dinamikan gauza arrunta eta zilegia-, beti zaindu behar dira hitzarekiko errespetua, elkarrekiko begirunea eta elkarrizketa eraikitzailea eta akordiotara iristeko borondatea, guztion onaren mesedetan, gehiengoaren agindua betez.

 

Demokrazian ez dago onartzerik politika gogor eta erasokorra, lehiakidea suntsitzeko. Giza eskubideen urraketak eta zapalketak urtetan bizi ondoren, nekeza gerta daiteke kultura hori errotik ateratzea eta politika soilera aldatzea, baina ezinbestekoa da. Demokrazian ez du balio politika bortitzak: desarmatu beharra dago politika. Gogorkeriak kutsatutako politikak alderdien arteko elkarrizketa zailtzen du eta sinesgarritasuna kentzen dio jarduera politikoari. Berebiziko aldaketa da tiroen mehatxurik eta izurik ez izatea. Iruditzen zait oraingo erronkatako bat hitzen mehatxua baztertzea dela, mehatxu-hitza edota irain-hitza ezin direlako josi politikarekin.

 

Gorabeherak gorabehera, Gipuzkoan, Euskadin, bakea eraikitzen ari gara, pixkanaka. Bake politikoa, indarkeria eza baino gehiago dena: herri-eskubideen ariketa, erabakitzeko eskubidea landu eta gauzatzea, herritarren gehiengoak babestua. Bake soziala, gizartean zuzentasuna eragingo duten politiken bidez: beti egiten eta beti zerbait egiteko, eta beti erne beharrean aurkitzen direnak babestu eta gizarteratzeko politikak egiteko. Eraikitzeko borondatea jarri behar dugu gipuzkoarren onerako, elkarrizketari bidea zabalduz eta Gipuzkoako gai handietan ados jartzeko gure onena emanez. Hori da benetako politika eta eginkizun horretarako aukeratu gintuzten gipuzkoarrek. Gure herria maitatzea da gakoa, herriaren ordezkari duinak izanez. Beste urtebete daukagu datorren urteko Osoko Bilkura Ibiltaria izan artean, sormena medio aukera politikoak egia bihurtzeko.

 

Beraz ba, goazen aurrera: Osoko Bilkurako gai-zerrendaren arabera, batzarkide talde guztiek aurkeztutako eskaeraren eztabaidari ekingo diogu, Talde txostengile bat eratzeko eskaera, Batzar Nagusietako Araudian aldaketak egiteko.

............

 

Amaitzen ari gara Osoko Bilkura. Datorren urteko hitzordua Oñatin izango dugu, uztailaren 2an. Honenbestez, agur eta urte politikoa hasi bitartean, uda ona izan dezagula.

 

Azkoitia, 2016eko uztailaren 2a

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.