ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Zigilua, armarria eta bandera

Gipuzkoako armarria, jatorria eta bilakaera

Gipuzkoako armarria bere jatorrizko zigiluaren gainean sortu zen (zigilatutako ikurra), Eskribautegi Fidela eta Gipuzkoako Ermandadea bera finkatzearekin batera, 1463 eta 1466 urteen artean. Probintzia-zigiluaren aipamenik zaharrena 1466koa da eta haren irudi grafiko zaharrena, berriz, 1482koa.

 

Irudi honetan oinarritzen zen: "Goiko kantoian errege bat zegoen, errege-jantziekin eta buruan koroa batekin, aulki batean, eskuineko eskuan ezpata bat erakutsiz, eta azpiko kantoian, hiru hagin berde itsasertzean landaturik, guztia fondo gorri baten gainean". Heraldika modernoak honela deskribatzen du: faxaz zatitutako bi kantoiz osatua; goikoan, tronuan eserita dagoen errege bat agertzen da, eskuineko eskuan ezpata bat duela, eta behekoan, hiru zuhaitz daude (beti hagintzat jo izan dira), itsasoko olatuen gainean.

 

Gipuzkoako jatorrizko armarria, 1482

Zigilua, berez, Gipuzkoa Probintzia Zintzo eta Leiala izenburudun legenda batek inguratzen zuen (latinez adierazita: NOBILIS AC FIDELIS PROVINCIAE GUIPUZCOAE), Henrike IV.ak Gipuzkoari titulu gisa eman ziona Segovian, 1466-II-16an.

 

 

Lehenengo aldaketak

XVI. mendearen hasieran Nafarroako Erresuman izandako gerra-gertaera larriek, eta, bereziki, Gaztelako erregearen zerbitzura zeuden gipuzkoarrak Belate eta Elizondon Frantziako armadarekin -Nafarroako erregearen aliatua- izandako borroketan ausardia handiz aritzeak eta haren artilleria boteretsua lortzeak Gipuzkoako zigiluaren eta armarriaren lehen aldaketa handia eragin zuten; izan ere, aipatutako gertaerak beti oroitzeko eta aipatutako gertaeretan haien ohoreari gorazarre egin eta hura areagotzeko borondatez, Juana erreginak probintziari arma gisa eman zizkion hamabi artilleria-pieza horiek. Handik aurrera, 12 kanoiek erregearen irudiarekin partekatu zuten goiko kantoia, Medina del Campon 1513-II-28an emandako pribilegioagatik eta urte bereko azaroaren 23an Batzar Nagusiek Mutrikun egindako bileran hartutako erabakiagatik. Orduan sartu ziren armarriaren irudia eta goiko ezkerreko kantoiko urre-koloreko fondoa.

 

Armarria, kanoiak sartuta. 1513

Foruak berrestea. 1760

 

Handik gutxira, Karlos I.ak (Toledo, 1525-VI-23), Donostiarekiko desberdintasunak saihesteko (Donostiari Zintzo eta Leiala titulua eman zitzaion, probintziak zuena bezalakoa), Gipuzkoari Oso Zintzo eta Oso Leiala titulu berria eman zion, eta handik aurrera Gipuzkoa izenarekin batera erabili zen probintziako dokumentu publiko, zigilu eta armarri guztietan, latinezko esamoldean: NOBILISSIMAE AC FIDELISSIMAE PROVINCIAE GVYPVSCOAE.

 

Errege-koroa, bestalde, 1599an sartu zen Gerónimo de Larrea y Goizueta eskultoreak Gipuzkoako Artxiboko sabaian zizelkatutako lehen armarrian (Tolosako Santa Maria elizan), Tolosak probintziako armarrian jarri nahi izan baitzituen haren armak.

 

 

Formazko aldaketa gehiagorik gabe, Gipuzkoako armarria horrela mantendu zen 1896ra arte (1876an Gipuzkoako hiriburua behin betiko Donostian ezarri ondoren, Aldundiaren jauregia eraiki zenean).

 

Orduan, José de RUJULA ESCOBAL MARTIN CRESPO Y PESSAC arma-errege jaunak bere armarriaren ziurtagiria eskaini zuen, eta Madrildik bidali zuen 1896-I-20an. Horrek ondorio garrantzitsuak izan zituen etorkizunean gure armarriarentzat; izan ere, Gipuzkoako berezko armak mantendu zituen arren, ez zetorren Gipuzkoako tradizio heraldikoarekin bat, kanoien kantoiko urre-koloreko fondoa gorriz azaltzen baitzen, eta beheko fondoko gorria, berriz, urre-kolorez, eta gure armarria garai hartako moda eta erabileran sartu baitzuen (kanpoko apaingarriei dagokienez).

 

 

Azken aldaketak

II. Errepublikan, Euskal Herriko Autonomia Estatutua aldarrikatu zen. Herrialdean aldaketa-giroa egonik, 1931-VI-11n Azpeitian egindako Gipuzkoako Udalen Batzarrak eta geroxeago (1931-VI-14an) Lizarran egindako Euskal Udalen Batzarrak Gipuzkoako Aldundiari armarria aldatzeko eskatzea proposatu zuten, eta erregearen irudia (Monarkia ordezkatzen zuena) eta kanoiak (Nafarroarekiko liskarra gogoratzen zutenak) kendu egin ziren. Behin-behineko Eusko Jaurlaritzak, Lehendakaritzak onetsitako dekretu baten bidez (Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratua, 1936-X-21ean), bere gain hartu zuen, bere eginkizunen artean, Euskadik bizitza ofizialean erabili behar zituen bereizgarriak eta ikurrak ematea ordezkatzen zuen erakunde publikoari, eta Euskadiko lurraldean (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiak osatua) Nafarroako lurraldea sartzea aurreikusita zegoenez Estatutuan, Gipuzkoako armarritik kendu egin ziren botere monarkikokoak edo jaurerrietakoak ziren ezaugarriak, edo euskal lurraldeen arteko borroka fratriziden ikur zirenak. Hala, lau lurraldeetako armarriak lau kantoiko blasoi bakar batean batu ziren, haritz-hostoz osatutako koroa batek inguratuta, euskal askatasunen Gernikako zuhaitzaren oroimenez.

 

Gipuzkoako armarriaren aldaketa hura, erbesteko Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu bazuen ere, probintziak ez zuen aplikatu, armarri tradizionala erabiltzen jarraitu baitzuen.

 

Franco jeneralaren diktadura amaitu zenean, berriro heldu zitzaion gaiari, erregimen demokratikoa ezarri ondoren, 1976-VII-21eko Gipuzkoako Aldundiaren Osoko Bilkuran, eta Kultura Batzordeari irizpena eskatu zitzaion 1977-X-29an.

 

1978ko Konstituzioa onetsi ondoren, eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuak (1979-X-25) 5.2 artikuluan ("Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoen bandera eta ezaugarri bereziak") aitortu baino lehen, Euskadiko Ezkerrak 1979-IV-22ko Arrasateko Batzar Nagusian berriz planteatu zuen gaia, eta 1876-VII-21eko abolizio-lege deitutakoak etendako "tradizioa" berriz ere martxan jarri nahi izan zuen, kanoiak kenduz eta 1936ko Estatututik sortutako eta Eusko Jaurlaritzak erabakitako armarria hartuz.

 

Erabakia geroratu egin zen eta 1979-VII-2an Oiartzunen bildu ziren hurrengo Batzar Nagusiek onetsi zuten, Euskadiko Ezkerrak proposatuta, ordura arteko azken berrogei urteetan indarrean egon zen armarria ordeztea eta haren lekuan 1936-37an Eusko Jaurlaritzarekin indarrean egon zena jartzea. Eta, hori gauzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1983-IV-25eko Osoko Bilkurak erabaki zuen, Gobernu Batzordeak irizpena egin ondoren, armarria aldatzea, aldaketaren ondoriozko deskribapen heraldikoa eta diseinu berria espedientean sartzea, eta armarria eta hari zegozkion xedapen iragankorrak ordezteko arau egokiak egitea, urriaren 5eko 33/81 Legeko eta abenduaren 18ko 2964/81 Errege Dekretukoen antzeko irizpideei jarraituz, orientazio gisa. Espedientea amaitu zenean, Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren mende jarri zen, Batzar Nagusien bidez.

 

Handik gutxira, 1985-VI-11ko Diputatuen Kontseiluak proposatuta, 1985-X-14ko Gipuzkoako Batzar Nagusien Batzorde Iraunkorrak Gipuzkoako armarria ordezkatzeko jarraitu beharreko arauei buruzko erabakia hartu zuen, erabilera guztietarako aldaketa ofiziala egin ondoren, eta espedientea, Gipuzkoako Batzar Nagusien bidez, Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren mende jarri zen. Ezarri beharreko probintzia-armarriaren behin betiko forma honela deskribatu zen:

 

"Kantoi bakarreko armarria, urrezko zelai baten gainean hiru hagin berde dituena, bat erdian eta beste biak alde bakoitzean, proportzio berean, eta zuhaitz horien oinetan urezko olatuak, zilarrezkoak eta urdinak, eta armarri hori besarkatuz basagizon bana alde bakoitzean eta behean legenda hau: "FIDELISSIMA BARDULIA NUNQUAM SUPERATA"

 

 

27ko 6/1990 Foru Araua, "Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Izatasunezko Ezaugarriei buruzkoa", non III. tituluan, "Armarria" izenburupean, aurreko deskribapena jaso eta grafikoki islatu baitzen, eta Diputatuen Kontseiluari baimena eman baitzitzaion foru-dekretu bidez armarriaren erreprodukzio sinplifikatuaren logotipo bat onar zezan, publizitatean -ofiziala izan ala ez-, informatzeko kartel eta paneletan, ibilgailuetan eta bestelako aplikazioetan erabiltzeko, bai eta inprimaki, idazpuru eta zigiluetan ere.

 

 

Mª Rosa Ayerbe Iribar
Heraldika Sari Nazionala

 

 

Bandera

Gipuzkoako Foru Aldundiak geroago burutu zituen jarduera batzuek adierazitako erabaki horren edukiari arau-maila handiena eman zioten eta osatu ere egin zuten Gipuzkoako armarriaren erabilera zenbait alderditan arautuz. Gipuzkoako nortasun-zeinuen jarduera-esparruaren beste ordena batean arau-maila eman zion bandera tradizionalari.

 

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Izatasunezko Ezaugarriei buruzko martxoaren 27ko 6/1990 FORU ARAUA (G.A.O. 70 zk; 10-4; 2181 orr.).

 

II. TITULUA

BANDERA

Bigarren Artikulua.

  1. 1. Gipuzkoako bandera tradiziozko kolore txurikoa da, beronen erdialdean Lurralde Historikoaren ezkutua ageri delarik, Foru Arau honetako Bostagarren Artikuluko 1. atalak xedatzen duen eran.
  2. 2. Luzeraz zabaleraz halako hiru erdiko neurriak izango ditu banderak.

Hirugarren Artikulua.

Gipuzkoako bandera indarrean dagoen legerian ikusitako moduan erabiliko da.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.