ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



LAGUNTZARAKO MENUAK:


BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Gipuzkoako itsasertza

Geografia

Geografiaren beste atal batzuk

Zumaiako flyscha

Zumaiako flyscha

Kostaren gehiengoa higadura-erliebez osatua dago; horiek itsasoraino iristen diren labarrak eratzen dituzte. Kosta honek itsas higadurarekiko duen sentikortasuna prezipitazio kopuru handiagatik (arbelak sakabanatzen dituzte eta hareharrizko eta kareharrizko geruzak desegiten dituzte), olatu handiengatik, txandakako geruza gogor eta bigunen egiturarengatik ("flysch") eta geruzen jarrera subertikalarengatik da. Itxura erregularreko kosta bat da, urradurari esker sortutako formak dira nagusi; gune malkartsua da eta hondartza gutxi izan arren oso pintoreskoak dira. Hondartzak gune babestuetan kokatzen dira, esaterako, estuarioetan, itsasadarretan, badietan, senadietan; beren jatorria tektonikoa da eta kosta osoaren %10 soilik hartzen dute.

 

Oro har arku bat deskribatzen du, ahurtasuna iparrerantz begira duena, ibai-ibilerek mozten dutena. Ibai horien bokaleetan itsasadar-estuario txikiak eratu dira, hein batean flandriar ondoko sedimentuek butxatuak, Deba edo Zumaiakoetan bezala, Deba eta Urola ibaietan. Kostaren erregularizazio prozesua ere ikusgai dago flysch-aren gainean labarren atzerakadarengatik eratutako urradura-zabalgune edo -plataformetan, argi ikus daitezke erdiko kosta-sektorean -Zumaiako zabalgunea- urradura-zoko batzuk geratuz uhartetxo batzuk bailiran, harantzago kostarekin tumulu batek elkartuak, San Anton uhartea bezala, Getariako sagua, Juan Sebastian Elkano munduari bira eman ondoren iritsi zen portuko aterpea.

 

Gipuzkoako kostaren mapa

Gipuzkoako kostaren mapa

 

Ekialderago, Zarauzko zabalguneak eten egiten du kosta malkartsu hori; bertan Gipuzkoako hondartzarik zabalena eratu da. Gero, Orioko itsasadarraren ondoren Donostiako Kontxako badia ederra irekitzen da, albo banatara Igeldo eta Ulia mendiak dituena eta Urgull kostarekin batzen duen tonboloak bitan zatitzen dena, Urumeak berekin ekarritako alubioiek osatutakoa; horren gainean kokatzen da hiriko alderdi zaharra.

 

Ekialdeko sektorean kostaren izaera zuzen eta malkartsuak jarraitzen du eta soilik Oiartzun ibaiaren itsasadar-estuarioan kokatutako Pasaiako portuari bidea ematen dion irekiguneak soilik eteten du. Kostako azken gorabehera Higer lurmuturra da, Bidasoa itsasoratzen den badia ixten duena, hori ere estuario gisa, lohiz betetzeko prozesuan bete-betean eta Gipuzkoako eta alboko herrialdearen arteko muga-marra egiten duena.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.