ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:
Desplegar menú Mostrar buscador

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Tolosaldea

Gipuzkoako eskualdeak

Gipuzkoako beste eskualde batzuk:

Gipuzkoako ekialdean, 332,7 km²-ko lur eremua hartzen du eskualde honek. Iparraldean mugakide du Donostialdea; ekialdean, Nafarroa; hegoaldean, Goierri; eta mendebaldean, Urola-Kostaldea. .

 

Tolosak (18.034 biztanle) eta Ibarrak (4.273) elkarrekin sortzen duten herrigunea da eskualdeko buru; bere eraginpean beste 26 herri txiki bizi dira: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian (Bidania eta Goiatz), Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Legorreta, Lizartza, Orendain eta Orexa. Billabona (5.345 biztanle) eta Zizurkil (2.758) dira bi mila biztanlez gorako herri bakarrak. Billabonak eragin handia du bertatik Zarautzeraino doan GI-2631 errepidean dauden herrietan, Donostiara nahiz Tolosara jotzeko bertatik pasa beharra dagoenez zenbait zerbitzu bereganatzen baititu.

 

Herri batzuk Tolosaldeaz kanpoko herriguneen eragina dute: Billabona, Zizurkil eta Adunak, Donostiarena; Legorretak, Beasain-Ordizia-Lazkao multzoarena. Alderantziz, Beizama, nahiz Urola-Kostaldeko herria izan, Tolosak eta Ibarrak osatzen duten gunearen eraginpean bizi da.

 

Etxebizitza bakanetan (baserri gisakoetan, alegia) bizi den biztanleriaren proportzioa Gipuzkoako handiena da: biztanleriaren %15. Herri txikietan -Alkiza, Belauntza, Gaztelu, Hernialde, Leaburu, Orexa, eta abar- ehuneko hori oraindik handiagoa da.

 

Komunikabide sarearen elementurik nagusiak N-I (Madril-Irun) errepidea eta trenbidea dira. Ibilbide laburretan, trenak garrantzi handia dauka eskualde honetan. Abiadura handiko trenak oraingo trenbidearen bide berdintsua izango du. Gaur egun diren proiektuen arabera, Tolosatik adar bat abiatuko da Iruñea, Zaragoza eta Bartzelona aldera.

 

Gipuzkoak Nafarroarekin aspaldidanik izan duen lotura zaharra, N-130 errepidea alegia, guztiz bazterturik utzi du A-15 (Andoain-Irurtzun) autobideak. Horren eraginez, eskualde honen zentroa ziur aski Tolosatik Andoain alderago joango da pixkanaka. Beste errepide nagusiak dira: Tolosatik Azpeitiraino doan GI-2634 errepidea (Bidaniko gaina, 532 m); eta Tolosatik Leitzara doan GI-2130 errepidea (Urtoko gaina, 610 m).

 

Tolosaldeko langileria 16.048 lagunek osatzen dute; horren %43,8 bigarren sektorean ari da lanean. Bederatzi langilez gorako lantegiak ehun eta berrogeita hamar inguru dira; guztira sei mila langile hartzen dituzte.

 

Tolosaldeko industria gehienak txikiak dira, metalgintzan eta papergintzan ari direnak. Papergintzako lantegiak teknologia aldetik zaharkiturik gelditu dira oso, eta horren eraginez enpresa asko itxi eta beste asko berregituratu behar izan dira. Bestalde, Tolosak eta Billabonak industriagintzarako lurrak prestatzeko arazo larriak dituztenez, industria berri asko Oriako haraneko beste herrietara joan da (Aduna, Zizurkil, Anoeta, eta abar).

 

Zerbitzuen sektorean langileriaren %42,7 ari da. Inguru guztiko herriak oso txikiak eta biztanle gutxikoak direnez, ez da harritzekoa eskualdeko zerbitzurik gehienak Tolosan bertan bildurik egotea.

 

Tolosak epai barrutiko buru gisa jokatzen du; Tolosaldeko herriez gainera (Bidegoian izan ezik, Azpeitikoan baitago), barruti horretan sartzen da Andoain ere, eta Goierri, mendebaleko herriak izan ezik -mendebalekoak Bergarako epai barrutian baitaude-. Lehen instantziako eta instrukzioko hiruna epaitegi ditu.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.