ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



LAGUNTZARAKO MENUAK:


BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Erdi Aroa

Historia

Historiaren beste atal batzuk

Erdi Aroan Gipuzkoak gorabehera ezberdinak bizi izan zituen Gaztelako, Aragoiko eta Nafarroako erregeen arteko gatazkak ebazpenen arabera: Nafarroako erresumaren zati izatetik Gaztelako koroaren mende egotera pasatu zen, geroago bi erresumen artean zatituta geratu zen, eta azkenik, Gaztelako koroaren barruan sartu zen.

 

Halaber, feudalismoak krisia jasango du eta ondorioz, ahaide nagusi eta gazte izenekoen arteko gerra sortuko da. Aldi berean, hiriak sortzen hasten dira. Horrek guztiak Gipuzkoako Ermandadea eratzea ekarriko du, batzar nagusien gunea, eta etorkizuneko Gipuzkoako Aldundiarena. Halaber, antolamendu juridiko berria sortu zen.

 

409: Orreagatik sueboak, bandaloak, alanoak eta geroago bisigodoak sartzen dira penintsulan (415). Bisigodoak heldu ondoren hizkuntza orokortze bat gertatu omen zen. Baskoiak omen ziren euskaraz hitz egiten zutenak, eta Baskonia zen hartzen zuten lurraldea.

 

718: Musulmanek inbaditzen dute penintsula. Gipuzkoa inbasio horretaz aparte geratzen da.

 

VIII - X. m: Mende horietan gaur egungo Gipuzkoa, menditsuena, Asturiar erresumaren zati izango da; gainerakoa Iruñeko erresuma sortu berrian sartuko da (IX. M).

 

IX - XI. m: Jabetza kolektiboaren eraldatzea, jentilizio jatorrikoa, jabetza pribatu bihurtuz, modu feudaleko gizarte baten antolakuntzaren barruan. Famili talde ahaltsuak sortzen dira pixkanaka, etorkizuneko "Ahaide Nagusiak", eta horien eskuetan geratuko da lurren eta ondasunen zatirik handiena. Gune altuetatik haranetarako jaitsiera. 14.000 biztanle inguruko populazioa. Herrixka edo auzuneetan taldekatzen dira eta bailara deitzen zaio auzune horien multzoari.

 

IX - XIII. m: Gipuzkoarrak itsasora irteten hasten dira.

 

X. m: Gipuzkoaren ebanjelizazio sistematiko eta pixkanakakoa.

 

XI. m: Gipuzkoa entitate desberdindua, terra deitua. Administrazio-esparru horren buru erregeek tenente izeneko pertsona bat ezartzen zuten eta haren agintepean zuzentzen zuen lurraldea.

 

1025: Gipuzkoaren lehen aipamena agiri batean.

 

1076: Gipuzkoa Gaztelaren zati izatera pasatzen da.

 

1109: Gipuzkoa berriz ere Iruñearen mendeko bihurtzen da.

 

XII. m: Mendearen bigarren erdira arte Gipuzkoako biztanleria soil-soilik landatarra izan zen.

 

1180: Urte horretatik, Donostiako hiribildua sortu zenetik, 1383ra arte, Zestoa eta Urretxu sortu arte, 25 hiribildu eraiki ziren Gipuzkoan.

 

1200: Gipuzkoa behin-betiko Gaztelari erantsita geldituko da.

 

XIII. m: Mende horretatik aurrera areagotu egingo dira Gipuzkoan nekazaritza, baxurako arrantza (balearen arrantza), eta olagintza. Biztanleria landatarra baserrietan zehar barreiatzen hasiko da. Gremioen artisautzako eta merkataritzako jarduerak hasiko dira.

 

1379: Lehen antolamendu juridikoa, idatziz adierazia, Getarian bildutako Kontzejuen Ermandate Juntak idatzia. Ordura arte zuzentzen zituen araua ahoz igorritakoa eta ohiturazkoa zen (usadio eta ohiturak).

 

1400 - 1401: Izurritea, eragin handia gipuzkoarrengan.

 

XIV - XV. m: Krisialdia Europa osoan. Gipuzkoan liskar sozial gogorrak gertatuko dira, "Bandoen Gerra" izenarekin historiara igaro direnak, oinaztarrak eta ganboatarrak.

 

1457: "Ahaide Nagusien" porrota eta gerra zibil edo familiartekoen bukaera. Eraitsi egiten dira dorretxeak.

 

1450: Nekazaritza, industria, merkataritza eta arrantzaren hedapena hasiko da.

 

1463: Data honetatik aurrera Gipuzkoak probintzia-izaera hartuko du, eta bertan Ermandatearen Koadernoa promulgatuko da, 1379koa ordezkatuko duena. Batzar Probintzialak izango dira aginte-organoak, eta Foru Aldundia izango da batzarraren organismo betearazlea.

 

1479: Isabel I.a Erreginak Trujillotik igortzen du, uztailaren 12ko datarekin, Gipuzkoako Erresuma titulua.

 

Barduliarren tribuaren kokapen geografikoaren arabera Euskal Herri landatarraren barnean zeuden. III eta IV. mendeetan segurtasun eza eta bidelapurreria mugimendua eman zen eta agintari erromatarrak neurri egokiak hartzera behartuta ikusi zuten beren burua. Neurri horiek izan ziren limitaneitropak, mugako soldaduak, esleitzea, kantabriarrak, batetik, eta gaur Euskadi dena, bestetik, setiatuz, izan ere, kohorte horiek Juliobriga-n (Kantabria), Veleia-n (Iruña, Araba), Iluro-n (Oloron) eta Lapurdum-en (Baiona). Gaur Gipuzkoa dena karistiar eta baskoien arteko gune arriskutsuaren erdian itxita zegoen. Halakoxea zen IV. mendeko egoera.

 

Baina, inperioa erortzean, tribuek, izenari dagokionez, garrantzia galdu zuten eta handik aurrera baskoiak bakarrik aipatu izan dira. Hiri-guneak dituen Baskonia landatar bat sortu zen inbaditzaileen aurrean. Gipuzkoari berari buruz apenas ezagutzen da ezer, Baskoniaren barruan zuen testuinguruan ez bada. V eta IX. mendeen bitartean godo eta frankoen aurkako borrokan parte hartu zuen. Bardulia beti geratu zen zuzeneko borrokatik kanpo, izan ere, hegoaldetik godoen lurretatik (geroago musulmanak izango zirenak) oso urrun zegoen eta, ipar-ekialdetik, Baskonia, Bordel ingururaraino, Garonan, zabaltzen zen.

 

Fernán González-en olerkiak eta Pasaiako kondairak baskoiak Karlomagnoren garailetzat jotzen ditu 778. urtean eta bertan egongo ziren gipuzkoarrak ere, Baskoniaren zati baitziren eta ondorioz, gertaera horietatik oso gertu baitzeuden.

 

Alfontso III.aren Kronikan jasotzen denaren arabera, IX. mendearen amaieran eta X.aren hasieran idatzitakoan, Asturias-Leongo Alfontso I.aren erregealdian (730-756) hainbat birpopulaketa gertatu zirela, besteak beste, Gaztelarena, Bardulia izena ere jaso zuena: Eo tempore populantur Asturias, Primorias (...), Bardulies qui nunc vocitatur Castella... Izenaren berezitasuna kontuan hartuta zaila da argitzea Gipuzkoako gizakiekin egindako birpopulaketa bat izan zen ala soilik izenezkoa den fenomenoa den; hala balitz, Bardulia hitza muga, marka edo ertza hitzen baliokidea izango litzateke.

 

Gipuzkoa aipatzen duen lehenengo dokumentua, bere egiazkotasunari buruz inolako zalantzarik gabe, 1025. urtekoa da. Bertan Iruñeko lur gisa agertzen da Garzia Aznarez-en jaurerriaren mendean.

 

San Juan de la Peña-ko lau diplometan Garzia Azenariz delako bat aipatzen da Gipuzkoako jaun gisa, baita bere emazte Gaila andrea (Ipuccha-koa) eta bere alaba Belaskita andrea eta bere suhia Antso Fortuniones ere. Diploma horietako bat, garrantzitsuena, San Juan de la Peñari eginiko Olazabaleko San Salbador monasterioaren dohaintza da, Altzon kokatua, 1063koa, hau da, kristauen 1025. urtekoa. Dohaintzan emandako ondasunek Gipuzkoako zati handi bat hartzen dute, Elkanotik, Aiako auzotik, Zarauztik gertu, Aralar-eraino, Tolosatik pasatuz.

 

Geroago, 1076. urtean Iruñeko euskal erresumaren zatiketa eragin zuen konspirazioa eman zen eta banaketa horretan Gipuzkoa zatitu zen. Ramon eta Ermesinda anai-arreben Nafarroako Antso IV.a, beren anaia, erail zuten. Gertaerak erresuma osoa hunkitu zuen.

 

Euskaldunek infanteen aurka borrokatzen zuten bitartean, Gaztelako Alfontso erregearen armadak euskal erresumara iritsi ziren eta aldi berean Aragoiko Antso erregea militarki sartu zen hiriburuan, Iruñean bertan. Aragoikoak berehala bere burua Iruñeko errege izendatu zuen eta foruak eta legeak gordeko zituela zin egin zuen.

 

Gaztelako erregeak, Alfontso Borrokatzaileak, liskar baten beldur, Erresumaren mendebaldeko erdia hartu zuen, non ia Gipuzkoa osoa sartzen zen; une hartatik aurrera, gune hori Aragoiko Antso Ramirez-i atxikitako ekialdeko erdiaren mugakide bihurtu zen.

 

Euskal erresumaren zatiketak 1076tik 1112ra bitartean iraun zuen eta urte horretan erresumaren batasuna berrezarri zen Gartzia IV.a Ramirez, Berrezarlearen erresumaren mendean. Garrantzitsuena da finkatu egin zela Aragoiko eta Iruñeko erresumen mugaketa. Errege berriak erabat euskalduna den lurra gobernatzen du eta atseginez sinatzen ditu errege-dokumentuak " Errege izanik Iruñean, Araban, Gipuzkoan eta Gipuzkoako Bizkaian...". Aragoin Ramiro zen errege eta Gaztelan, berriz, Alfontso VII.a.

 

1135 eta 1137 bitartean hainbat gerra izan ziren Aragoi, Iruñea eta Gaztelako erregeen artean eta amaitzean Ladron Iñigez Gebarakoak gobernatzen zituen Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Aibar eta Legin. Gipuzkoako konde gisa bere azken aipamenak 1147koak dira.

 

Antso VI.a Jakitunaren garaietan, Gipuzkoa Nafarroako erresumaren barruan egon zen. Gipuzkoako konde eta jauna, Ladron Iñigez Gebarakoa, bere seme Bela Ladron jaunak ordezkatu zuen eta honek 1174. urtera arte gobernatu zuen ez soilik Gipuzkoako lurretan baita Arabako eta Bizkaikoetan ere.

 

Geroago, Gaztelako Alfontso VIII.ak Gipuzkoa berreskuratu zuen 1200. urtean eta adierazi zuen bera errege zela "in tota Castella et in Toleto et in Extremadura et in Alava et in Bizcaya et in Ypuzqua et in Sancto Sebastiano". (1202-XII-31).

 

Gipuzkoa lehendabizikoz agertzen da Iruñeko erresumaren barruan; militarki okupatu zuten 1076ko hilketatik Gaztelak eta Aragoik; 1112tik 1200era arte erresumaren barruan egon zen eta orduan berriro ere Gaztelak militarki okupatu zuen.

 

Alfontso VIII.a hil zenean, oso denbora laburrez bere Enrike semeak ordezkatu zuen, eta gero, Fernando III.a Santuak. Antso Indartsua, Teobaldo II.a (1253-1270), Nafarroako Enrike I.a (1270-1274) eta Nafarroako Joana andrea, Frantziako Felipe Ederrarekin ezkonduta zegoena, euskal lurraldeak Nafarroako erresuman berrezartzen saiatu ziren baina porrot egin zuten. Gipuzkoak Gaztelari lotuta jarraitu zuen XIV. mendean zehar, Nafarroako erresumak mendean hartzeko sekulako ahaleginak egin arren.

 

XIII. mendetik hasita eta XIV. mendean zehar Gipuzkoan biztanle-gune berriak eraiki ziren, batez ere hiribilduak eratuz; bertan bizi ziren biztanleek pribilegioak eta bestelako abantailak zituzten. Askotan leku batzuek elkartasun-idatzi bat egiten zuten gertuko hiribilduetara atxikiz; bakoitzak bere lurralde-mugaketa mantentzen zuen baita mendi eta kontzeju partikularrak gozatzeko eskubidea ere.

 

Antso IV.a Jakitunak Donostia fundatu zuen 1180an eta ondoren beste hiri batzuk etorri ziren: Hondarribia (1203), Getaria eta Mutriku (1209), Zarautz (1237), Deba (1343), Zumaia (1347), Orio (1379), etab.

 

"Ahaide Nagusi" edo Aundiki delakoen arteko borroken jatorria 1200 baino lehenagokoa da. Dokumentu bidez frogatu da bi mende baino gehiago iraun zutela eta horren ondorioz uste da arrazoiak oso sakonak izan zirela eta lehendabizi Erreinuaren tribu-zatiketarengatik leinu-buruen lehian bilatu behar direla baita ondoren leinu oso eta fundatu berri ziren hiribilduen talkan. Oinaztar eta ganboatarren izenak beranduago arte entzun ez izan arren, dirudienez lurraren jaunen lehia publikoek ez zutela garrantzirik izan Erresuma Gaztela eta Aragoiren artean banatu arte, 1076an, Peñalengo fratrizidioarengatik, batzuek agintaritzatik bota zituztelako eta beste batzuek ordezkatu zituztelako.

 

Orduan, 1200ean bezala, jaun nagusiak bananduta daude, batzuk Nafarroaren alde daude eta beste batzuk Gaztelaren alde, edo hobe esanda, batzuk boteretik kendutakoak dira eta beste batzuk horien lekua hartu dutenak. Hori izan zen, dirudienez, Oinatz eta Ganboa etxeen kasua. Beranduago, hiribildu gisa biztanleria berrien fundazioak gizarte berri bat sortu zuen aurreko garbiaren ondoren. Bandoen arteko gerra horren da krudela, luzea eta konponbiderik gabekoa, ezen bizi-interesei eta -eskubideei ere eragiten dien. Gizarte zaharra eta berria, maila berriak eta gizarte jentilizioak talka egiten dute. Oinatz eta Ganboa bandoen arteko borrokak Arrasate erretzeraino heldu ziren (1448).

 

Gipuzkoako hiribildu eta lekuek beren Batzarretarako prokuradoreak izendatu zituzten Ahaide Nagusien eta horien alderdikerien aurka neurriak hartzeko. Tolosako 1375eko Batzarrean Ermandadeko alkateak izendatzea erabaki zen eta zigortzeko ahalmena eman zitzaien.

 

Getariako San Salbador elizako koruan 1397an ospatutako Natzarrean, Gaztelako koroaren ordezkari gisa, Enrike IV.a errege zelarik, Gonzalo Moro korrejidore ezaguna lehendakari gisa jardunez, Gipuzkoako Ermandadearen Ordenantzak adostu ziren. Horietan delituak eta zigor zorrotzak zehazten ziren, ia denak heriotza zekartenak, bai egilearentzat baita estaltzailearentzat ere. Are gehiago, Ermandadeko alkateek zigortutako guztiak harrapatzen edo hiltzen zituzten gipuzkoarrak saritzea erabaki zen. Baina Batzarraren xedapen garrantzitsuena Ahaide Nagusien dorretxeak indarrez hartu eta suntsitzeko agindua ematea izan zen.

 

Ermandadearen Koaderno Berria argitaratu zenean, funtsezko sistema politikoa eratu zen (1463); probintziako gobernu-organoa Batzar Nagusiek osatzen zuten eta hauen esku zegoen legegintza, finantza-arloa, arlo exekutiboa eta judiziala. Batzar Nagusien erabakiak burutzeko erakunde exekutibo iraunkorra Foru Aldundia zen eta antolamendu juridiko eta politikoa foruek osatzen zuten.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.