ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILEAK

Menua ireki Bilatzailea erakutsi

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Azalpen historikoa

Jarduera ekonomikoa

Ekonomia-jardueraren beste atal batzuk

Itsasoak, burdinak eta zurak, populazio-dentsitate altu eta erliebe zaileko eremu geografiko batekin batera, osatu dute Gipuzkoako ekonomia ia gaur egunera arte.

 

Itsasoaren eragina erabakigarria izan da Gipuzkoako ekonomian. Gipuzkoako portuak itsasoaren bidez zuzenean Europako leku ezberdinetara iritsi izanak, merkataritza-trafiko bizia bermatu zuen. Herriko burdinezko gaien esportazioari Gaztelako eta Nafarroako artileak gehitu zitzaizkion. Fluxu horrek Gipuzkoak falta zitzaizkion produktuei zegokienez egin behar zituen inportazioak konpentsatzeko balio zuen.

 

Merkataritza-fluxu horrekin batera, XVI-XVIII. mendeen artean, Gipuzkoako burdinolak lekuz aldatu ziren, barnealdetik itsasertzetik gertu zeuden guneetara, euren ekoizpena kanpoko merkatuetara errazago irits zedin.

 

XVIII. mendean, merkataritza kolonialean sistena berri bat ezarri zen. Enpresa pribilegiatuak eratzeak oihartzun handia izan zuen Gipuzkoan eta Gipuzkoako portuek merkataritza-jarduera handiagoa izatea eragin zuen. Hala ere, zuzenean Amerikarekin merkataritza-harremanak izateko 1778an penintsulako hainbat portu prestatzeak lehen Gipuzkoatik Andaluziara zuzentzen zen trafikoa desbideratzea ekarri zuen, Santander, A Coruña, Malaga, Bartzelona eta abarretan itsas merkataritzari irekitako toki berrietara.

 

Itsasoa ere Gipuzkoako ekonomiari horrenbesteko ekarpena egin zion arrantzaren garapenaren oinarria izan zen, batez ere Erregimen Zaharrean zehar eta, neurri txikiagoan, mende honetan.

 

Gipuzkoako manufaktura-ekoizpenik esanguratsuena siderurgia eta hortik eratorritakoak izan ziren eta izaten jarraitzen dute. XVIII. mendearen amaierara arte, burdinolen ekoizpena zen Gipuzkoako ekoizpenaren sail esportatzaile adierazgarriena. Baina teknika tradizionalen pean egon zenez, sektore honek krisi sakona bizi iza zuen XVIII. mendeko 70. hamarkadatik hasita XIX. mendera arte. XIX. mendeko bigarren erdira arte Gipuzkoako siderometalurgia ez zen eraberritze-fase batean sartu; egun Gipuzkoako industria eta bere egitura ekonomikoa hoberen definitzen duen sektoreetako bat da.

 

Basoak izan ziren ohiko burdinolei energia -egur-ikatza- hornitu zietenak. Eta Gipuzkoako basoak ere baliagarri izan ziren ontziolen garapen goiztiarrerako. Ontzigintza aldi berean bermerik onena zen arrantzaren eta itsas merkataritzaren garapenerako.

 

Biztanleria dentsoak, Gipuzkoan etengabeko elementua izan denak, hainbat jarrera hartzera bultzatu zuen Gipuzkoa: jendea Amerikara joan zen eta beharrezkoa zen produktuak inportatzea "mantenu" gisa. Amerikarako emigrazioa bereziki adierazgarria izan zen XVIII eta XIX. Mendeetan. Nekazaritza-ekoizpen urriak, bere biztanleriaren eskakizuna asetzeko beti eskasa zenak, Gipuzkoa europako aleen inportzaile bihurtu zuen.

 

XIX. mendearen erdialdean Gipuzkoaren ekoizpen-egitura eraberritu egin zen. Industrializazio-prozesu horren jarraibideak ondokoak izan ziren: inbertsio-kapitalaren apaltasuna, bere enpresen txikitasuna eta industria-zentroak lurraldeko hainbat lekutan kokatu izana. Artisautzak manufaktura-prozesu berriak eragin zituen fabrika berrietan.

 

Aldaketa horiek 40. hamarkadan hasi ziren. Esparteroren 1841eko urriaren 20ko dekretu batek behin betiko barnealdeko aduanak itsasertzera eta mugara aldatu zituen. Ondorioz, "salbuetsitako" probintziak merkatu espainiarrean sartu ziren. Merkataritza eta arrantza, burdinolak eta ontzigintza, lurraren baliabide-urritasuna eta emigrazioa elkartu ziren lurralde txiki honetan, berezko esparru juridiko-fiskal baten barruan. Gipuzkoak 1841era arte izan zuen "salbuetsitako" probintziaren izaerak ezinbestekoak ziren merkataritza-fluxuak mantentzen lagundu zion. Aduanak barnealdean izateak eta ez mugan eta kostan, Europarekiko esportazio eta inportazioak izaten lagundu zuen. Eta egoera horrek penintsula barneko merkatura sartzea zaildu zezakeen arren, Gipuzkoako ekonomia Europarantz begira egituratu zen. Hala ere, aduanak barnealdetik mugaren gunera aldatu zirenean, XIX. mendearen erdialdean, kanpoaldeko lehia mugatu zen eta Gipuzkoan bere ekoizpen-egitura modernitzatuko zuen "industria iraultza" hasi zen.

 

Ordutik aurrera, eta mendearen amierara arte, Gipuzkoan industrializazio-prozesuak bi bultzada izan zituen. Lehenengoa 1841-1870 bitartean izan zen eta bultzada hori izan zuten sektoreak paperarena eta ehunarena izan ziren.

 

Bigarren karlistaldiak industriaren hedapena eten zuen eta oso garai kaltegarria izan zen Gipuzkoako ekonomiarentzat. Euskadin borroka bortitzak egon ziren. Lantegiak gelditu egin behar izan zuten eta horietako batzuk gatazkak suntsitu zituen. Gerra amaitu zenean soilik eman zen berreskurapen eta hedapen garai berri bat. Gerra amaitzean, 1876ko uztailean foruak indargabetzeko lege bat eman zen. Euskal lurraldeei beren erregimen juridiko-administratiboa kendu zitzaien: Foruak. Baina Ogasun zentralak diru-sarrera handiagoak lortzeko zuen beharrak, eta aldi berean, euskal sektore ekonomikoen gainean zituen aukerak ez ezagutzeak -ordura arte indarrean zegoen zerga-sistema ezberdinarengatik-, 1878an, euskal lurraldeek Estatuari "kupo" edo urteroko ekarpen orokor bat ordaintzea ezartzea ekarri zuten. Hori izan zen Kontzertu Ekonomikoaren hasiera, garapen-politika bat sustatzeko balio izan duen ezarpen-sistema.

 

Eta urte hartatik -1878- aurrera, Gipuzkoako garapen industrialak beste hedapen-fase bat ezagutu zuen, XX. mendera arte luzatu zena. Bigarren fase horretan, paperaren sektoreaz gain sektore siderometalurgikoan (siderurgia-ekoizpena, erremintak, torlojuak, armak eta abar egiten ziztuzten enpresa txikiak) ere hazkunde handia izan zen; sektore hau izan zen antzin Gipuzkoako manufaktura-ekoizpena definitu zuena. Enpresa horiek Gipuzkoako lurraldeko herri askotan finkatu ziren, kapital mugatu bat izan zuten eta ekoizpen-unitate txikien gainean egituratu ziren. Horregatik, Gipuzkoan, XX. mendean bete-betean sartu arte, ez zen espazio-kontzentrazio handirik nabaritu, beste leku batzuetan industrializazio-prozesuaren ondorioz gertatu zen bezala.

 

Paperaren sektorea hazten joan zen fabrika berriekin, nahiz eta kontzentrazio-prozesu berezia gertatu zen. Kasu askotan enpresa sozial beraren mendean, hainbat ekoizpen-unitate zeuden sartuta. XIX. mendeko azken 20 urteetan zehar, Gipuzkoako paper-fabriken kapitala hirukoiztu egin zen, enpresen kopurua soilik %25 hazi zen bitartean. Horrek lantegi berriek zuten neurri handia adierazten du. Hazkunde horren arrazoiak, besteak beste, ondokoak izan ziren: indar hidraulikoaren osagarri gisa lurrun-makinak ezartzea, satinatzaile-zilindriko berriak asmatzea, papera botatzeko makinak hobetzea eta, batez ere, orokorrean lehenengo gai gisa zurezko eta lastozko oreak erabiltzea.

 

Ehunaren sektorea ere hedatu zen garai hartan, neurri ertain eta txikiko enpresen jarraibideak mantenduz. Mendearen amaieran, lehenago jaiotako kotoi-enpresez gain, artile-enpresa batzuk sortu ziren (Fabril Lanera, Errenterian 1899an; Esteban Alberdi y Cia., 1890ean; Julian Etxeberria y Cia., etab.). Horrela, XX. mendearen hasieran, Gipuzkoak kotoi-manufakturen 19 lantegi handi zituen, 6 artilea eta zeta lantzen zituztenak eta 42 beste espezializazio batzuetan murgildu zirenak.

 

Beasainen 60. hamarkadan siderurgiak izan zuen eraldaketak beste norabide batzuk hartu zituen mendearen azken laurdenean. Horrela, 1877an "Goitia y Cia." izeneko Beasaingo lantegia berriro ere eraiki behar izan zuten, karlistaldiaren ondorioak jasan baitzituen. Domingo Goitia, "Fábrica de San Martin" izenekoaren sustatzailea, bere seme Francisco Goitiak ordezkatu zuen. Franciscok orduan gainditu behar zuen oztopoetako bat eguneratze-teknologikoa zen. Izan ere, 1878an jada abian jarri baitziren kokezko labe garaia eta Bessemer bihurgailua Bizkaian. Horrela lortutako burdinaren ekoizpenak egur-ikatzezko labe garaiak kaltetzen zituen eta, beraz, Besaingo instalazio siderurgikoak galtzear zeuden. Nahiz eta 1882an "Goitia y Cia." enpresak Beasainen latorriaren ekoizpen-instalazio bat inauguratu zuen -Espainiako lehenengoa-, altzairuaren kostu handiak Goitia, urte batzuk geroago, Bilboko ekoizle siderurgikoen guneetatik gertu kokatzera behartu zuten. Horregatik, 80. hamarkadan, Beasaingo instalazioa Sestaora eraman zen eta "La Iberia" eratu zen. Instalazioarekin batera ordura arte Beasainen lan egin zuten eta latorria ekoizteko era ondo ezagutzen zuten langile eta teknikariak ere joan ziren. Aldaketa horien ondoren, Beasainen soilik egur-ikatzezko labe garaiak zituzten antzinako instalazioak geratu ziren eta "La Maquinista Guipuzcoana" ezarri zen, era guztietako makina eta transmisioak eraikitzen zituena. "Sociedad Española de Construcción Metálica" delakoarekin elkartutako enpresa hay lanteg handi bat bihurtu zen -bagoiak eta orokorrean trenbideko gaiak eraikitzen zituen Gipuzkoako hiru handienetakoa izan zen (CAF).

 

Garai berean beste proeiktu batzuk ere sortu ziren. Arrasaten "La Unión Cerrajera" izeneakoak, 1860an sortutakoak, bere instalazioak handitu zituen eta herritik kanpora ere atera zen. Zigarrolan, Aretxabaletan eta Bergaran ziuen lantegiak. Bergaran, hain zuzen, labe garaiak eraiki ziren Arrasateko lantegietarako lehenengo gaia lortzeko. 1877an, Romualdo Garciak, Bilbon merkataritza-negozioak izan zituenak, Elgoibarren "Fundiciones San Pedro" lantegia ireki zuen, bere labe garaietan egur-ikatza erabiliz. Bere ekoizpena nahikoa zen inguruko metalaren eraldaketari zuzendutako lantegi txikiak hornitzeko. XIX. mendea amaitu baino lehen, bi enpresa siderurgiko berri kokatu ziren Pasaia eta Hernanin. Lehendabizikoa jatorriz Lasarten kokatu zen baina Pasaiara aldatu zen "Fundiciones de Molinao" izenarekin. Bere jabeak Brunet famila eta Mandasko dukea ziren. Eta industrializazioaren bigarren bultzada horri ere enpresa txiki ugari, siderurgia-manipulazioan, elikagaietan, xaboigintzan eta abarretan ari zirenak, gehitu zitzaizkion.

 

XIX. mendearen amaieran, Gipuzkoako industriaren egoera ondokoa zen:

 

  • Paperaren sektoreak Gipuzkoa Espainiako ekoizlerik handia bihurtu zuen. Bere enpresa-egituraren ezaugarria neurri ertaineko unitateak ziren. Enpresa garrantzitsuenek hainbat lantegi zituzten Gipuzkoako leku ezberdinetan. Paperaren-gunea Tolosa eta bere ingurua zen, nahiz eta Hernani eta Errenteria aldera ere hedatu zen.
  • Ehunaren sektorea ondo finkatuta zegoen Gipuzkoan mendearen bigarren erdian fundatutako enpresei esker. Neurri ertaineko enpresa horiekin batera alorraren hainbat eragiketa osatzen zituzten enpresa txikiagoak sortu ziren.
  • Siderurgiaren sektoreak, nahiz eta teknologikoko eraberritu egin zen, ez zuen Bizkaiko produktuen lehiakortasun maila. Hala ere, Gipuzkoan kokatutako lantegiek, batez ere, lurraldeko industria metalurgikoak hornitzeko balio zuten. Horregatik galdategi handi eta txikien lana burdin bereziak lortzea zen.
  • Zementuaren sektoreak, 1858an sortutako Rezola lantegia buru zela, hedapen handia izan zuen. XIX. mendearen amaieran, Gipuzkoa sektore horren barruan esportatzailea zen lurralde bat zen.
  • Metalurgian, elikagaietan eta abarretan ari ziren enpresa txiki asko egoteak Gipuzkoako egitura industrialaren irudia berretsi zuen: enpresa txikiak, dibertsifikazio handikoak eta lurralde osoan zehar kokatuak.

 

Garai hartan, halaber, Euskadiko Aurrezki-Kutxa eta Banku nagusiak eratu ziren. Euskal Herriko lehen kreditu-entitate modernoa 1850ean eratu zen Gasteizko Aurrezki-Kutxa Munizipala izan zen. Honen xedea gordailutan hartutako fondoak Gasteizko Udalari mailegatzea zen. Eredu horren arabera sortu ziren 1870ean Iruñeko Aurrezki-Kutxa, 1878an Donostiakoa, 1896an Gipuzkoako Aurrezki-Kutxa Probintziala, 1907an Bilboko Aurrezki-Kutxa, 1918an Arabako Aurrezki-Kutxa Probintziala eta 1921ean Bizkaiko Aurrezki-Kutxa Pribintziala eta Nafarroakoa. Euskal Herriko zortzi aurrezki-kutxa hauek Federación Vasco-Navarra de Cajas de Ahorro eratu zuten 1924an. Euskal Herriko lehen banku pribatua 1857an sortutako Banco de Bilbao izan zen.

 

XX. mendean zehar Gipuzkoa lurralde industrial gisa finkatu zen baina Gipuzkoako ekonomiak bizi izan dituen aroak nahiko desberdinak izan dira. Hedapen, krisi eta birmoldatze industriala nahasi dira mendean zehar, baina orokorrean hedapen-aroa izan dela esan daiteke. Hiru fase ezberdindu daitezke: XIX. mendeko lehenengo herenaren hedapen-fasea; 1930-1973 bitarteko garapen industriala 2 krisi handirekin eta mendearen azken laurdena, ezaugarri nagusi gisa krisi ekonomikoa eta birmoldatze industriala izan dituena.

 

Industrializatutako guneen intereserako mesedegarri zen politika protekzionistak, Kontzertu Ekonomikotik eratorritako abantailak eta Espainiaren neutraltasunak 1914 eta 1918 bitarteko gerran, Gipuzkoa industrialki hazten lagundu zuten.

 

Hogeigarren hamarkadan, Gipuzkoak birmoldatze industrialaren politikari ekin zion, hurrengo urteetan oso oparoak izango ziren sektore berrietara zabalduz.

 

Paperaren, ehunaren eta hein batean, siderometalurgiaren eta zementuaren sektoreak finkatu ziren eta protagonismo handiagoa lortzen hasi ziren eraldatutako siderometalurgikoak, etxetresna elektrikoak, elikadura, etab.

 

Gipuzkoako paperaren sektorea oraindik nagusi zen Espainiako ekoizpenean. 1902an "La Papelera Española" sortu zen, lurraldeko "hiru enpresa nagusietako" bat (Arrasateko "Unión Cerrajera" eta Beasaingo CAF-ekin batera). Paperaren sektorea 1920an finkatzeari esker, Gipuzkoako paper-fabriketan Espainiako ekoizpenaren %60 manufakturatzen zen. Hogeita hamargarren hamarkadaren hasieran, Gipuzkoak paper arruntaren ekoizpenaren %48 baino gehiago ematen zuen. Gainera, sektore horretan, 1930ean, industriaren biztanleria aktiboaren %10ak egiten zuen lan.

 

Ehunaren industriak Gipuzkoako egoera industrialean garrantzi handia izaten jarraitzen zuen. 1930ean, Gipuzkoako biztanleria aktiboaren %9ak ehun-enpresetan lan egiten zuen eta enpresak, guztira, 47 ziren.

 

Eraldatu siderometalurgikoen sektorea Gipuzkoako adierazgarriena izan zen, enpresa kopuruarengatik eta zituen langile kopuruarengatik. 1930ean, industriaren biztanleria aktiboaren %25ak Gipuzkoan zeuden 535 enpresa metalurgikoetan lan egiten zuen. Hala ere, azpisektore batzuk eskariaren aldaketa sakonen eragina jasan zuten.

 

Horrela, armagintzan eraginak izan zituen armen salmenta eta zirkulazioaren murrizpenak, Europako gerraren ondoren Frantzia, Belgika eta Alemania bezalako herrialde lehiakideak ekonomikoki berreskuratzeak eta Espainiako gobernuak ezarri zuen ordena publikoaren kontrolak. 1824-28 bitartean, armagintzan zebiltzan enpresa batzuk eraldatu egin ziren eta bizikletak, josteko makinak, burdindegi-produktuak, etxetresna elektrikoak, erremintak eta neurri txikiko nahiz ertaineko manufaktura metaliko asko fabrikatzeari ekin zioten. "Orbea", "BH", "GAC", "Alfa", "Solac" bezalako enpresa eibartarrak birmoldaketa horren erakusgarri dira. Beren produktuak merkatu nazionalera eta nazioartekora zabaldu ziren.

 

Bestalde, sektoreko bi enpresa nagusiak, Arrasateko "Unión Cerrajera" eta Beasaingo "Compañía Auxiliar de Ferrocarriles" enpresek hedatzen jarraitu zuten. 1930ean, "Unión Cerrajera"-k 15.000.000 pezetako kapitala zuen, bere produktuak (gabilak, torlojuak, erremintak, era guztietako burdineria, sarraila finak, etab.) barneko eta atzerriko merkatuetan zuten irteera, batez ere Hispanoamerikan. Garai berean, "Compañía Auxiliar de Ferrocarriles"-ek 23.000.000 pezetako kapital soziala zuen. Beasaingo instalazioez gain, Donostian eta Irunen bi fabrika ireki ziren.

 

Beste ekoizpen batzuei dagokienez, nabarmendu behar da elektrizitatearen sektorea, garapen industrialarentzat oinarrizkoa dena indarrez eta azkar sartu zela. Elektrifikazio-prozesua ez zen erabat berria Gipuzkoan, izan ere, nahiz eta apalki, XIX. mendearen azken urteetan ekin baitzitzaion prozesu horri: 1890ean, Donostian "Compañía Eléctrica de San Sebastián" delakoa eskrituratu zen; 1895ean, "Electra- Vasconia S. A." sortu zen; eta, urte berean, "Compañía Eléctrica del Urumea S.A." fundatu zen. Hala ere, 1900 inguruan elektrizitatearen sektoreak jauzi handia izan zuen.

 

Gipuzkoak erreka eta ibai asko ditu eta, nahiz eta ibilbide laburrekoak eta emari gutxikoak izan, bere mailen arteko alderarengatik egokiak dira elektrizitatea sortzeko. Horrela, hogeigarren hamarkadan zehar, instalatutako zentral gehienak potentzia gutxikoak ziren, baina nahikoa zen industriak bakoitzak berea izateko eta energiaren ikuspuntutik independenteak izateko. Horregatik, espazioari dagokionez, zentral hidroelektriko txikiak probintzia osoan zehar barreiatuta zeuden. Egoera hori 1930. urteari dagozkion datuetan ikus daiteke: ur-jauzien ustiapenean aritzen diren enpresen kopurua 200etik gorakoa zen. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako lurraldearen barruan lortutako potentzia ez zen behar guztiak asetzeko adinakoa. Horregatik, energia inportatzen hasi ziren.

 

XX. mendearen lehenengo herenean, "bigarren industria iraultza" delakotik sortutako sektoreetan bultzada industriala ikusi zen: telefonoa, autoa, hegazkina, irratia, etab. 1908an, Gipuzkoak hiriarteko telefono-sare probintzial bat jarri zuen. Donostiako Udalak bere eskutan zuen hiriko telefono-sare propioa. 1921ean Gipuzkoa Espainiako probintzietako lehena zen mila biztanleko harpidedun kopuruari zegokionez.

 

1899an "Banco Guipuzcoano" sortu zen eta bere bulegoak 1900eko urtarrilean ireki zituen. Urte gutxi barru, Tolosa, Irun, Bergara eta hainbat lekutan ezarri zituen sukurtsalak, bere hedapenari esker. Entitate honek Gipuzkoako enpresa-proiektu batzuk babestu zituen, bai paperaren sektoreari zegozkionak baita siderometalurgikoari eta beste hainbati zegozkionak ere, eta horrek eskualde-ekonomia hazten lagundu zuen. 1909an "Banco de San Sebastián" sortu zen, eta 20. hamarkadan Donostian "Banco de Avila" delakoa ireki zen. Erakunde horiekin batera esparru nazional eta nazioarteko beste entitate batzuek ere bulego eta sukurtsal berriak ezarri zituzten, eta gainera, tokiko banku-entitateak ere eratu ziren, esaterako "Banco de Irún" delakoa, edota Tolosakoa.

 

Kimikaren, petrolioaren edota elikagaien sektorearekin lotutako enpresak ere sortu edo finkatu ziren: "Vda. de Londaiz y Sobrinos de Luciano Mercader", "Kutz", "Louit", "Suchard2, "Lizariturry y Rezola", etab.

 

Garaiaren amaieran, Gipuzkoako biztanleria aktiboa ondoko eran zegoen banatuta: %25,9 lehen sektorean; %40,3, bigarrenean; eta %33,8 hirugarrenean. Biztanleria industrialak sektore anitzeko orientazioa adierazten zuen. Bigarren sektorean espezializazio-sorta zabala zegoen. Horien artean hiru nabarmendu behar dira, bai beren gaitasunarengatik baita bere tradizioarengatik ere: metalaren sektorea, papelarena eta ehunaren industria. Antzina bezala enpresa-ehuna enpresa txiki eta ertainek osatzen zuten, non kapitala nahiko txikia zen eta eskulana oso gaitua.

 

Garai industriala, 1939 eta 1973. urteen bitartean 30. hamarkadako depresio ekonomiko handiaren ondorioen pean hasi zen, eta nazioarteko krisi horretaz gain, Gipuzkoak II. Errepublikako politika ekonomikoaren aldaketak jasan zituen. Egoera larriagotzen joan zen 1936. urtean gerra zibilak eztanda egin zuen arte. Gerran bete-betean, 1927an, bai Gipuzkoari bai Bizkaiari Kontzertu Ekonomikoaren sistema kendu zitzaien. 1939an, gerra amaitu zenean, Gipuzkoaren egoera ekonomikoa hamarkadaren hasierakoa baino okerragoa zen.

 

Estatu espainiarraren politika interbentzionista gauzatu egin zen Industri Institutu Nazionalaren (INI) sorrerarekin. Erakunde horrek lehenago garatu ziren sektore batzuen monopolio-izaera hautsi zuen. Sektore horiek, besteak beste, elektrikoa, siderurgikoa, zementuarena, paperarena eta ontzigintzarena ziren; horietako batzuk oinarrizkoak ziren Gipuzkoako ekonomiarentzat.

 

Berrogeigarren hamarkadan zehar, Gipuzkoako enpresa batzuk agertzen hasi ziren enpresei kupoak ezarri zitzaizkien arren. Berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera Gipuzkoako ekonomiak hazkunde irregular bat bizi izan zuen; hazkunde handia izan zen zementuaren ekoizpenean eta Gipuzkoako funtsezko industriak finkatu egin ziren: siderometalurgikoak, papera eta ehunarenak; nabarmendu beharra dago makina elektro-mekanikoaren ekoizpenaren hazkundea ere.

 

Hirurogeigarren hamarkada ere hazkundearen mendean igaro zen. Gipuzkoako industria funtsean -lehenagoko urteetan bezala- ondoko sektoreek osatzen zuten: siderometalurgikoak (altzairuak, armak, sarrailak, torlojuak, makina erreminta, josteko makinak, bizikletak, ontzigintza eta trenbide-materiala, autoarentzako osagarriez gain), paperarenak, ehunarenak, zementuarenak eta bestelakoek (xaboia, elikagaiak-edariak, etab.)

 

Hirurogeigarren hamarkadaren amaieran zailtasun handiak egon ziren, batzuk ez zuten irtenbiderik izan eta beste sektore batzuetara birmoldatzea pentsatu zuten. Hori esanguratsua izan zen armagintzan, josteko makinetan, bizikletetan eta motozikletetan edota etxetresna elektrikoetan.

 

Gipuzkoaren garapen ekonomikoaren maila Espainiako batezbestekoaren oso gainetik zegoen. Gipuzkoako "per capita" errentak berrogeita hamargarren hamarkadan argi erakusten zuen: 1957an, pce Espainian 9.862 pezetakoa zen; urte hartan bertan, Gipuzkoa bigarren postuan zegoen, 30.229 pezetarekin, Bizkaiaren atzetik (30.230 pezeta). Postu hori hirurogeita hamargarren hamarkadaraino mantendu zen.

 

1973-76ko krisiak eragin handia izan zuen Gipuzkoako ekonomian, bereziki paperaren eta zementuaren sektorean. Laurogeigarren hamarkadan langabeziak Espainiako batezbestekoa gainditzen zuen eta birmoldaketa industriala beharrezkoa bihurtu zen. Hala ere, egoera horrek sektore ezberdinetan hainbat ibilbide eragin zituen.

 

Siderometalurgiaren esparruan, hori osatzen zuten industrien arabera emaitzak ezberdinak dira. Su-armagintza jada krisian zegoen hirurogeigarren hamarkadan arma motzetan eta eskopetetara ere iritsi zen. 1983ko birmoldaketa zaila izan zen sektorearen atomizazioarengatik eta SORESKO eratu zen, 1984an fabrikatzaileen %70 bildu zituen erakundea. Torlojugintzaren bilakera armagintzarekiko paraleloa izan zen eta fabrikatzaileen elkarte bat eratu zen -UNITOR- alor horren birmoldaketari batera aurre egin ahal izateko.

 

Gipuzkoako ekonomia bizitzen ari zen etenaren erdian etxetresna elektrikoen enpresak lanaren oasi bat ziren. Esportazioen politikak ekoizpen-tasa altua mantendu zuen laurogeigarren hamarkadara arte, egoera aldatu zen arte, alegia. Birmoldaketa nekeza izan zen baina gaur egungo emaitzek izan zuen arrakasta erakusten dute. Espainiako merkatuaren ordezkariak 4 talde handi direla esan daiteke: Gipuzkoako Fagor, Bosch-Siemens alemaniarra, Electrolux suediarra eta Whirlpool (enpresa amerikarrari dagokion enpresa holandarra). Multinazionalen lehia handia izan arren, 1994an Fagor taldea Espainiako ekoizpenaren %20,6-ko ekarpena egiten zuen.

 

Makina erremintaren fabrikazioan eskariak behera egin zuen 1975-1982 artean eta horrek birmoldaketa handiak eragin zituen. Industria-diseinu berriari esker Gipuzkoan makina erremintaren ekoizpenak krisia gainditzea lortu du.

 

Paradigmatikoa da halaber, ehunak, paperak eta xaboiak jarraitutako ibilbidea. Gipuzkoako fabriketako bat, 150 urtetik gora zituena, Bergarako "Algodonera de San Antonio", 1975-6 bitartean lanerako arroparako ohiko mahoietik "bakeroetara" igaro zen; eta produktu horren eskaria ere ahuldu egin zenez 1977-80 bitartean enpresa-organigrama berria sartu zuen emankortasuna hobetzeko.

 

Paperaren sektoreak beherakada orokor bat jasan zuen 70-80 bitartean. Atomizazioa oztopo bat zen goi-teknologia sartzeko eta horrela nazioarte-mailan lehiatu ahal izateko. Sektoreak zituen arazoen aurrean aplikatu zen neurrietako bat, 1984-85etik aurrera, espezializazioarena izan zen. Baina gure mugetatik kanpo neurri handiagoko paper-fabriken lehiak zaildu egin zuen Gipuzkoako ekoizpenaren susperraldia.

 

Bestalde, probintzian xaboigintzari dagokionez, hirurogeita hamargarren hamarkadan indarra galdu zuen "Lizarriturry y Rezola" bezalako tradizio handiko fabriketan egiten zen xaboiak egiten ziren garbigarri mota guztien aurrean. Garbigarren eskariak, 1976tik aurrera, ekoizpena haztea ekarri zue laurogeigarren hamarkadaren erdialderaino.

 

Krisi ekonomikoaren ondorioz, Euskadik orokorrean, baita Gipuzkoak ere, XX. mendearen amaieran ez zeuden familiaren diru-sarreretan lehendabiziko postuetan. Euskal Autonomi Erkidegoa,1995ean, 6. postuan zegoen Balearrak, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Errioxaren atzetik.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.