Prentsa Bulego Digitala

Gipuzkoako Foru Aldundia neurri zehatzak aplikatzen ari da euskara normalizatzeko bidean

2012-10-01 (azken aldaketa 2012-10-11 12:18)

Euskara Zuzendaritza Nagusia

Euskara normalizatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko Aldundiak hartu dituen konpromiso zehatzen berri eman dute foru erakundeko arduradunek gaur prentsaren aurrean. “Gobernu honek lehentasuna eman nahi dio euskarari, Gipuzkoa lurralde euskalduna baita”, Larraitz Ugarte bozeramailearen esanetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu honek euskara lehenesteko asmo irmoa aurkeztu zuen legealdi hasieran. Euskara normalizatzeko bidean, urrats sendoak ematen ari da. Aurretik ere euskara normalizatzeko araua indarrean egon arren, praktikara eraman gabe egon da. Azken batean, legeak jasotzen duena betearazten ari da orain Gipuzkoako Foru Aldundia.

Ugarteren esanetan, Gobernuaren helburua da Aldundia euskalduna izan dadila. Gobernu hau osatzen duten kideek euskara erabiltzen dute nagusiki euren jardunean, eta erraztasuna ez dutenak ahalegin berezia egiten ari dira.

Horrez gain, legealdi honetan, herritarrentzako zerbitzu guztiak euskaraz emateko helburua gauzatu nahi du Aldundiak. 2012ko helburua da euskararen erabilera normalizatzeko planean Aldundi osoak 6 puntuko hobekuntza lortzea. Aldundian, laneko hizkuntza nagusia euskara izan dadin, beraz, baliabideak garatuko ditu: zerbitzu eta alor funtzional jakin batzuetan euskara lan hizkuntza gisa ezartzeko plangintza intentsiboak egiten ari dira (Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuan, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapena Zerbitzua; Gizarte Politikako Departamentuan, Aldizkako Laguntzak Zerbitzua; Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko Departamentuan, Modernizazioa Zerbitzua; Ogasun eta Finantza Departamentua, Erakundeekiko Konpromisoak Zerbitzua; Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoa, Landa Garapena eta Nekazaritza Egiturak Zerbitzua). Laneko eremu informalean euskararen erabilera areagotzeko sentsibilizazio ekintzak martxan jartzen ari dira, Eralan egitasmoaren bidez esate baterako.

 

Aldaketa nabarmenak gauzatuta

Bide horretan, aldaketa nabarmenak gauzatu dira, dagoeneko. Zerbitzu-buruei eta idazkari teknikoei euskarazko perfila eskatu zaienez, Departamendu gehienetan euskaldunak dira. Goi mailako funtzionarioei euskarazko hizkuntza eskakizuna eskatu ez ezik, laneko bilerak euskaraz egiten hasi dira orain. Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko Departamentuan, diputatu, zuzendari eta idazkari teknikoen arteko bilerak euskaraz egiten dira. Migrazio eta Aniztasun zuzendaritzak euskaraz funtzionatzen du. Lurralde Antolaketako zuzendaritzan eta Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuetan zerbitzuburuekin eta Idazkari teknikoekin lan bilerak euskaraz egiten dira.

Itzulpenei dagokienez, orain arte itzulpen gehienak gaztelaniatik euskarara egiten zituzten Aldundiko itzultzaileek. Joera hori iraultzen ari da, eta inoiz baino gehiago itzultzen dute euskaratik gaztelaniara: 2011n 6.700 esaldi itzultzetik 12.600 itzultzera pasatu dira.

49.234 gipuzkoarrek eskatu dute, dagoeneko, euskaraz komunikatzea Ogasunarekin. Deigarria da, era berean, euskara hutsez Aldundiarekin harremana izan nahi duten enpresen kopurua (643).

2011ko Errenta Kanpaina egiteko, 83 lagun kontratatu ditu Aldundiak, gipuzkoarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Langile horiek euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna izan dute.

Enpresen kontratazio politikan ere hainbat aurrerapauso eman dira. Aldundiak kontratatuta, foru erakundearen izenean ari diren enpresek herritarrekin euskarazko harremana ziurtatu beharko dute. Mugikortasuneko eta bide azpiegituretako Departamenduan, esate baterako, Antzuola-Bergara zatia egiteko kontratuaren baldintza teknikoetan zera eskatzen da: “Bulego Teknikoaren horniduran Obrako Zuzendaritzari laguntza teknikoa emango dion taldeko bi kidek behintzat, EGA edo titulazio baliokideko euskara maila egiaztatzea”. Horren ondorioz, lizitadore bat baztertu behar izan da baldintza ez betetzeagatik.

Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamenduak, adibidez, kontratu askotan hartzen du hizkuntza irizpidea: animalia hilak eraldatu eta suntsitzeko zerbitzuan, Gipuzkoako ibaietako arrainak aztertzean (2012 urtea) eta Oria arroan aingiraren ugaltze potentziala kalkulatzean. Bestalde, errotuluak, abisuak, seinaleak eta izaera orokorreko bestelako komunikazioak ere euskaraz izatea ziurtatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aldundiaren diru-laguntzak jasotzeko, enpresen edo elkarteen kanpo jardueretan euskara bermatu beharko da, onartutako dekretuen arabera. Dagoeneko, hasi dira hizkuntza klausulak indarrean sartzen, esate baterako: Kirolgiren diru laguntzetan; berrikuntza teknologikoa sustatzeko enpresentzako laguntzetan; eta Giza Eskubide, Kultura, Berdintasun eta Aniztasun zuzendaritzetan.

 

Jendaurreko agerraldiak eta irudi korporatibo berria

Euskara normalizatzeko, kanpora begira egiten ari den lanaren berri eman du Aitziber Iartza Komunikazio zuzendariak. Jendaurreko ekitaldietan euskara bermatzen ari dela nabarmendu du. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, interpreteen eta itzultzaileen zerbitzuak erabili ohi dira sarri. “Honen guztiaren adibide da une honetan eskualdez eskualde egiten ari den Herritarrekin ekimena, edo baita Gipuzkoako alkateekin egin izan diren bilerak”, adierazi du.

Gipuzkoako Aldundiaren irudi korporatiboan aldaketak izan direla azaldu du Iartzak. “Irudi korporatiboa berritu eta irizpide orokorrak ezarri eta aplikatu behar zirela ikusi genuen. Ohartu ginen gaiaren inguruko lan bat eginda zegoela 2009tik, baina aplikatu gabe. Hala, lana hartu, moldatu eta irudi korporatibo berria ezarri dugu. Irudi horretan, aldaketa estetikoaz gain, garrantzitsuena hizkuntz irizpide aldaketa izan da”. Orain arte bi hizkuntzak erabiltzen ziren Aldundiaren irudi korporatibo nagusian, eta orain euskarazkoa baino ez. Garrantzitsua da Aldundiaren marka bera euskara hutsez agertzea, guztientzat ulergarria da, eta aldi berean esanguratsua. “Izan ere, irudi korporatiboa norberaren ikurra da, garenaren eta izan nahi dugunaren ikur”, esan du. Departamendu eta Zuzendaritzak agertzen diren kasuetan, bi hizkuntzak erabiltzen dira.

 

Prentsaurrekoak

Prentsaurrekoetan, aste honetatik aurrera, euskarak izango du lehentasuna, Komunikazio zuzendariaren arabera. Orain arte elebitan egin izan dira prentsaurrekoak. Euskara izango da hizkuntza nagusia, eta moldatzen ez diren kazetarientzat aldibereko itzulpen zerbitzua eskainikoda. Horrek ez du esan nahi den-dena euskaraz izango denik beti, baina hizkuntza nagusia euskara izango da.

Neurri honen bidez, erdarazko hedabideetan ere euskarak presentzia izan dezan lortu nahi du Aldundiak. Interpretazio lanetan trebatzeko, azken hilabeteetan, Foru Aldundiko itzultzaileak buru-belarri aritu dira. “Horregatik haien lana eta prestutasuna eskertu nahi dugu”, adierazi du.

© 2012 Diputatu Nagusiaren Kabinetea - Gipuzkoako Foru Aldundia • Legezko informazioaPribatutasun politika

Gipuzkoa.net logotipoa