ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



LAGUNTZARAKO MENUAK:


BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Armarria eta bandera

Gipuzkoak egungoaren ezberdina zen armarri bat izan zuen. Egungoa 1979an hartu zen eta 1466tik blasoi gisa erabili zen armarri historikoa aldatzen zuen, Gipuzkoako Hermandade Nagusiak, egungo Gipuzkoako Batzar Nagusien enbrioiak, beretzat hartu zuena.

 

Gipuzkoako armarri zaharra, erregearen eta kainoien irudiak dituena

Gipuzkoako armarri zaharra, erregearen eta kainoien irudiak dituena

 

Serapio Mugica-k, 1915ean Gipuzkoako blasoiaren bilakaera historikoari buruz azterketa klasiko bat burutu zuenak, honela deskribatzen du: faxaz zatitutako bi kantoiz osatua; goikoan eserita dagoen errege bat agertzen da eskuineko eskuan ezpata bat duela, behean hiru zuhaitz daude (segur aski haginak edo ezkiak) itsasoko olatuen gainean.Tronuan eserita dagoen Gaztela eta Leongo koroatutako erregea suposatzen da Gaztelako Alfontso VIII.a izan daitekeela, Gipuzkoa eta Nafarroa 1200. urte inguruan konkistatu zuena, edo Enrike IV.a, 1466an gobernatzen zuena.

 

Gaztelako Joana erreginak 1513ko otsailaren 28an Gipuzkoari armarrian 12 frantziar kanoi gehitzeko pribilegioa eman zion, bere aitarekin 1512an Belate eta Elizondoko guduetan tropa nafarren aurka borrokatu zuten tropa gipuzkoarrek konkistatutakoak irudikatzen zituztenak.

 

Beraz, 1513 eta 1979 bitartean, Gipuzkoako armarria hiru sekziotan banatuta egon zen, goi-ezkerraldean jatorri ezezaguneko erregea, goi-eskuinaldean urre koloreko 12 frantziar kanoiak fondo gorri baten gainean, eta behean, hiru hagin itsas olatu zuri eta urdinen gainean.

 

Gaur egungo Gipuzkoako armarria

Gaur egungo Gipuzkoako armarria

 

Hainbat saiakeraren ondoren kanoiak kendu egin ziren 1979an, ezarri berri ziren Batzar Nagusien bigarren bilkuraren ondoren, Oiartzunen 1979ko uztailaren 2an, aho batez onartu baitzen Jose Antonio Ayestaran Lecuona batzarkideak aurkeztutako mozioa.

 

Mozioa, kanoiak kentzeko egindako saiakerak laburbiltzen dituena, ondokoa izan zen:

 

Gipuzkoako armarriaren mozioa. Guztiok dakigun bezala, egun indarrean dagoen Gipuzkoako Probintziako armarriak hamabi kanoi ditu. Oso antzinatik eta, 1696ko Foruen Bilduma Berriaren arabera, armarri honek "goiko kantoian errege bat zuen, eserleku batean eserita, errege-soinekoekin eta buruan Koroa zuela, ezpata erakutsiz, punta altxatuta, eskuineko eskuan, eta azpiko kantoian, hiru hagin berde itsasertzean landaturik, guztia koloretako eremu batean. Armarri eta blasoi hori etengabe erabili zen 1513. urtera arte. Orduan, adieraziko den arrazoiarengatik, goiko zatiaren ezkerraldean artilleriazko hamabi pieza gehitu ziren". Foruak aipatzen duen gertaera Belateko gudua da. Bertan Gipuzkoako probintziaren zati bat, Jauna zerbitzatzeko asmoz, abizen orokorraren arabera, armekin altxatu eta indar franko-nafarren atzealdeari eraso egin zion (hauek Fernando Katolikoen tropak inbaditutako erresuma berreskuratzeko ari ziren borrokan), kanoi ezagunak kenduz (bitxikeria moduan esan behar da gertaera ez zela borroka heroikoa izan eta lanskenete alemaniarrak kanoiak amu gisa utzi zituztela euren ihesa errazteko). Guri interesatzen zaiguna da Joana erreginak -"por la gracia de Dios reina de Castilla, de León, de Granada, de Toledo, de Galicia, de Sevilla, de Córdoba, de los Algarbes, de Algeciras, de Gibraltar, de las islas Canarias, de las islas, Indias y tierra firme del Mar Océano, Princesa de Aragón, de las Dos Sicilias, de Jerusalén, de Navarra, Archiduquesa de Austria, Duquesa de Borgoña y de Bravante, Condesa de Flandes y del Tirol, Señora de Vizcaya y Molina" titulua zuenak-, dokumentuak berak dioen bezala, emandako pribilegioak Belateko ihesa ez ezik horrek eragin zuen gerran Gipuzkoarrek armekin egindakoa, azkeneko emaitza gisa, Nafarroaren behin betiko konkista eta erresuma independente gisa horren amaiera ekarri zuena. Hori gaur egunera iritsi den garrantzi historiko eta pisu politiko handia izan zuen egintza bat izan zen. Horren lehenengo alderdia Nafarroaren subiranotasunari egindako erasoa da. Bigarrena, Europako historian Estatu Nazionalen protagonismoak eragindako garaia, sarraski eta iskanbilaz betetako garaia, zorionez gaur egun gainbehera etorri dena. Garai eta fenomeno politiko hori, gure esparru historiko-geografikoan zehazki, Nafarroaren konkistarekin hasi zen eta Frantziako "nazioaren" izenean foraltasuna kenduz amaitu zen. Foraltasunaren berreskurapena eta zehazki gaurko egintza erabaki sinboliko batekin hasi behar da, Batzar hauei proposatzera ausartu garena:

  1. Belateko kanoiak Gipuzkoako armarritik kentzea.
  2. Anaitasun-mezu bat igorri Nafarroako Foru Parlamentuari egintza hori jakinaraziz.

 

Eta ekimen hau ez da berria. Azpeitian, 1931ko ekainaren 14an Lizarran ospatu zen Udalerrien Batzarra prestatzeko bilera gisa ospatu zen Gipuzkoako batzarrak kanoiak kentzea adostu zuen. Eta aipatu udalerrien batzarrean, Gernikako alkate eta euskaltzain zen Severo de Altube-k, Gipuzkoarekiko esker-boto bat proposatu zuen Nafarroarekiko izan zuen anaitasun-keinuarengatik; proposamen hori aho batez onartu zen. Egintza horiek ez ziren gertatuko urte asko lehenago errenazimendu politiko euskaldunak, Arana Goiri-ren jardueren fruitu izan zenak, bere ikur eta banderei zegokienez erabaki hori hartu izan ez balu. Era berean, 1936ko Estatututik jaiotako Eusko Jaurlaritzak ere adostu zuen bere armarri ofizialetik kanoiak kentzea. Gaur egun, frankismoaren zama astuna pixka bat altxatu bezain laster, probintziako diputatua izan zen, Manuel Olaizola jauna, gauza bera proposatu zuena, 1976an, Gipuzkoako Aldundiko Hezkuntza batzordean. Eta urte hartako uztailaren 21ean, aparteko bilkuran, probintziako erakundeak, foruetara itzultzea aldarrikatzen zuen hein berean, ondokoa adostu zuen: "baterako historiaren lotura estutik adierazpen heraldikoa mantentzea eta sustatzea". Hau da, batzarkideok, ohorez egiten dudan proposamena zuek kontuan har dezazuen.

Proposamena.

  1. Gipuzkoako armarriaren ezkerraldean agertzen diren kanoiak kentzea.
  2. 1936ko Estatututik jaiotako Eusko Jaurlaritzak adostutako armarria hartzea berriz ere..
  3. Anaitasun-mezu bat igortzea Nafarroako Foru Parlamentuari egintza hori jakinaraziz.

 

Eusko Jaurlaritzak 1936ko urriaren 19ko dekretuan adostutako armarria honela osatzen zen: "Araba, Bizkaya, Gipuzkoa eta Nabarrako armak, beren berezko koloreetan, horietatik erakunde monarkikoko edo euskaldunen arteko borroka fratiziden ezaugarriak kenduz, beren askatasun primitiboaren sinboloak gehituz...".

 

Gipuzkoako armarria aldatzetik eratorritako azken deskribapena, Oiartzunen 1979ko uztailaren 2an ospatutako Batzar Nagusiaren edo Ohikoaren bilkuran onartutakoa, ondokoa izan zen:

 

Kantoi bakarreko armarria, urrezko zelai baten gainean hiru hagin berde dituena, bat erdian eta beste biak alde bakoitzean, proportzio berean, eta zuhaitz horien oinetan urezko olatuak, zilarrezkoak eta urdinak, eta armarri hori besarkatuz basagizon bana alde bakoitzean eta behean ondoko legenda: "FIDELISSIMA BARDULIA NUNQUAM SUPERATA".

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak geroago burutu zituen jarduera batzuek adierazitako erabaki horren edukiari arau-maila handiena eman zioten eta osatu ere egin zuten Gipuzkoako armarriaren erabilera zenbait alderditan arautuz. Gipuzkoako nortasun-zeinuen jarduera-esparruaren beste ordena batean arau-maila eman zion bandera tradizionalari eta era berean Lurraldearen izendapen ofiziala gauzatu zen, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legeko 10. artikuluaren arabera. Bertan Lurralde Historikoaren toponimo ofiziala ezartzen da bere jatorri euskalduna errespetatuz eta dagokion idazkera akademikoarekin, Euskaltzaindiak zehaztutakoaren arabera.

 

La Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Izatasunezko Ezaugarriei buruzko martxoaren 27ko 6/1990 FORU ARAUA-k (G.A.O. 70. zk; 10-4; 2181. orr.), egun indarrean dagoenak, alderdi horien maila handienean arautzen ditu.

 

Ezartzen du Lurralde Historikoaren izendapen ofiziala "GIPUZKOA" euskal hitza dela eta Gipuzkoako bandera kolore zuriko tradizionala izango dela, erdian Lurralde Historikoko armarria agertuko delarik, lehen deskribatu dugun bezala.

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.