ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



LAGUNTZARAKO MENUAK:


BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Arte erlijiosoa

Artea

Arteari buruzko beste atal batzuk

Arte erlijiosoak balio handiko lan arkitektonikoak, eskulturak eta koadroak sortu dituzte. Guztien artean, derrigorrez bisitatu behar diren hiru lan nagusi daude, 3 tenpluena deritzon ibilbidean:

 

  • Zumarragako Antiguako Amaren ermita erromaniko-gotikoa.

  • Loiolako basilika barrokoa.

  • Oñatin dagoen Arantzazuko Santutegia.

 

Zumarragako Antiguako Amaren ermita erromaniko-gotikoari buruz 1.366. urteko dokumentuetan hitz egiten da. Ezaugarri erromanikoak eta gotikoak ditu eraikin osoan. Batez ere, barrualde osoan aurkitzen diren zurezko apainketak nabarmentzen dira. Apaindura gutxiko kanpoaldeko itxurak ez du ez ataririk ez eta dorrerik ere. Portada hegoalderantz irekitzen da, ate zistertar interesgarri baten bidez. Barrualdeko espazioak sortzen du interes handiena, hareharriz egindako sei pilare zilindrikoren bidez hiru nabetan banatuta baitago. Mirespen handiz ermiten katedrala deitzen zaio.

 

Barrokoa, Loiolako Santutegian azaltzen zaigu. Bulego gisa erabiltzen diren eraikinek osatzen duten laukizuzen handiak oin borobileko eliza inguratzen du, fatxadatik ateratzen den atari batekin. Tenplua 65 metroko diametroa duen kupulaz osatzen da. Inazio Loiolakoa jesuitaren etxea izan zen "Etxe Santua" eraikuntzaren eskuinean dago.

 

Ibilbidearen azkeneko geldiunea XX. mendeko eraikin bat da. Oñatin kokaturik dagoen Arantzazuko Santutegi modernoaren egitura, erdi aroko eskemekin puskatu nahi bazuen ere, tenplu tradizionalaren diseinuaren antzekoa da. Gurutze-formako oina dauka, abside erdizirkular deanbulatorioa, zazpi kapera absidialekin, gurutzadurarekin eta kapera itsatsiak dituen nabe zabalarekin. Berrikuntza bakarra erabilitako materiala zen; harria, hormigoia eta zura. Luis Laorga eta Javier Saez de Oiza arkitektoen obra handi honen egitura-apainketan Jorge Oteizak, Eduardo Chillidak eta Nestor Basterretxeak egin zuten lan. Gipuzkoarrek debozio handia diote tenplu honi.

 

Gipuzkoako arte erlijiosoa beste hainbat lan garrantzitsurekin osatzen da. Nabarmentzekoak dira ondokoak:

 

Donostian nabarmengarriak dira duten edertasunagatik San Bizente eta San Telmo elizak (biak XVI. mendekoak), Santa Maria Basilika ( XVIII. m), eta Artzain Onaren Katedrala (duela ehun urte eraikia).

 

Bidasoako eskualdean, Irungo Junkaleko Parrokia; eta Guadalupeko Ermita eta estilo gotikoko Jasokundeko Parrokia Hondarribian.

 

Oarsoaldean, Lezoko Kristo Basilika. Bertan, balio artistiko handia duen estilo gotikoko Kristoren irudia gurtzen da. Oiartzunen, San Esteban Parrokia (X. m). Bertan, erretaula barroko ederra dago. Errenterian, estilo gotikoko Agustindarren Komentua, XVI. Mendekoa aipatu behar da. Pasai Donibanen, beste zenbait eraikinen artean, Kristo Ongilearen Basilika.

 

Urola Kostan, Getariako San Salvador Parrokia nabarmentzen da barrualdeko eraikin bereziarengatik. Hemen, lurraldeko lehenengo ordenantzak idatzi ziren 1397. urtean. Eibarko San Andres Elizan (XII. m) San Pedroren irudi erromaniko bat aurkitzen da. Mutrikuko Astigarribia auzoan, San Andres Eliza (XI.m) aurkitzen da Santiagoko itsasondoko bidean. Elgoibarren, San Bartolome elizak tamaina handiko Dorre Barrokoa dauka.

 

Barrualdean, Urola Erdialdean, aipatutako Loiolako Basilikaz gain, San Sebastian Eliza aurkitzen dugu Azpeitian. Azkoitian, Santa Klarako eta Santa Anako Monastegiak eta Santa Mariako Eliza Nagusia topatzen ditugu. Zestoan, XVI. mendeko Santa Ana Eliza eta Jasokundeko Parrokia aurkitzen ditugu.

 

Deba Garaia eskualdean XVI. mendeko eraikin erlijioso ugari daude. Nagusienak ondoren aipatuko ditugun hauek dira: Bergarako Santa Marina eta San Pedro Parrokiak. San Miguel Parrokia eta Bidaurretako Komentua Oñatin. Leintz-Gatzagan Dorletako Ama Birjinaren taila gotikoa dago. Arrasaten, Aretxabaletan eta Antzuolan, bertako Parrokiak aipatu behar dira. Eta Eskoriatzako Apozaga-ko kanposantu borobila, oso berezia baita.

 

Urola Garaiko, Goierriko, Tolosaldeko eta Donostialdeko lan arkitektonikoek Gipuzkoako estilo barrokoa erakusten dute. Nagusienak aipatzekotan hor ditugu: Hernaniko San Juan Bautista, Andoaingo San Martin de Tours, Tolosako Santa Maria, Legazpiko Jasokundeko eliza, Ibarrako San Bartolome, edo Segurako Jasokundeko eliza bere erretaula ezagunarekin.

 

Zarautzen, Ama Birjinaren elizaz gain, monumentu historiko-artistikotzat jotako Santa Klarako Komentua nabarmentzen da.

 

Orion, San Nikolas Eliza (XV. m), eta Zumaian San Pedro Parrokia (XIII. m) nabarmentzen dira.

 

Deba Beherean, gotiko gipuzkoarraren beste altxor bat aurkitzen dugu: Debako Santa Maria Eliza. Bertan, Ataria eta Klaustroa aipatuko genituzke, oso ederrak baitira.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.