ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



LAGUNTZARAKO MENUAK:


BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Natur guneak eta paisaiak

Geografia

Geografiaren beste atal batzuk

Euskal Autonomi Erkidegoko lehenengo babestutako natur gune babestua Laurgaingo baso-parketa eta ehiza-aterpea izan zen, 1982an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz. Ondoren Altzola lursailarekin zabaldu zen eta gaur egun Pagoetako Parkea deritzoguna sortu zen.

 

Natur guneetarako legeak ezarritako babes-mailak ondokoak dira: Parke naturalak, Biotopo babestuak eta Zuhaitz bereziak. Gainera, gune interesgarriak daude, eta horiek ere kontuan hartu behar dira babes-neurriak planifikatu eta hartzerakoan.

 

Parke Naturalak

 

Gipuzkoan Parke Natural gisa 4 gune daude babestuta. Aralarko Parke naturala (1994), 10.956 hadituena, Enirio-Aralar Mankomunitateari dagozkio eta Abaltzisketa, Amezketa, Ataun, Lazkao, Tolosa eta Zaldibia udalerriei. Paisaia karstiko ederrak ditu, pagadiak (Lizarrusti, Maomendi), hariztiak (Errazti, Lertsundi), monumentu megalitikoak, mendiko fauna (gailurretako uhandrea, mendi-tuntuna, elur-lursagua) eta artzain-jarduerak.

 

Aiako Harriko Parke naturala (1995), 6.913 ha dituena, Bidasoatik Urumearaino doazen ekialdeko lurrak hartzen dituena. Egitura granitiko eta fenomeno metamorfikoak ditu, haritzak, pagoak, piriniar aurreko fauna anitza (desman piriniarra, bisoia, mokolodia bezalako harrapariak, etab.).

 

Pagoetako Parke naturalak (1998), erdigune gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lursailak ditu, Pagoeta eta Altzola, Manterola eta Almizuri erreken goi-ibarrekin eta Pagoetako gailurraren inguruko mendiekin batera. Itsasaldearen eta barneko haranen artean kokatutako gune honek oso erliebe malkartsua dauka, altitudeari dagokionez tarte handiak dituena. Landaretza ugariena baso naturalak dira. Jarraian sasiak daude eta gune altuenetan larre garrantzitsuak. Baserrien inguruan zelaiak daude. Birpopulaketek ere garrantzi handia dute eta nabarmentzekoak dira Altzolaras errekaren ezkerraldeko ertzean kokatutakoak.

 

Giro ezberdinak egoteak gunean fauna-aberastasun handia sortzen du. Nabarmentzekoak dira, halaber, arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan dauden hainbat espezie, esaterako, sai zuria, muxar grisa, beltz handia, zapelatz liztorjalea eta arrano sugezalea.

 

Duela urte batzuetatik hona, Foru Aldundiko lursaila Baso-parke bat da eta bertan natura babesteko hainbat lan burutzen dira, baita ingurumen-hezkuntzazkoak ere. Hainbat ekipamendu daude; nabarmentzekoak dira Iturrarango harrera etxea, aterpetxea eta natura-eskola, erlategi didaktiko bat, 1.300 ale baino gehiago dituen fruta arboladi bat, hainbat jolas-gune eta Agorregiko burdinola.

 

Aizkorri-Aratz Parke Naturala (2006) Euskal Autonomi Erkidegoko mendigune menditsudun parke altuena da. Gailur garaiena du, Aitxuri (1.551 metro). Bere hedadurarekin, 16.000 hektarea inguru, Euskadiko zabalena da Gorbearen atzetik. Gipuzkoako zazpi udalerriri dagozkion lurrak okupatzen ditu (Zegama, Zerain, Legazpi, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga) baita Arabako hiru udalerriri dagozkionak ere (Asparrena, Donemiliaga eta Zalduondo). Azaleraren %80 Gipuzkoari dagokio. Gune horretako funtsezko izaera egitura geologiko ikusgarriek osatzen dute. Aizkorri-Aratz eta Eginoko kareharrizko aurrealdeak, Kurutzeberri, Orkatzategi eta Aloñako maldak, Urbia, Degurixa eta Alabitako depresioak eta Arantzazu eta Jaturabeko arroilak. Basoek bertako hegalen 8.000 hektarea baino gehiago estaltzen dituzte; bereziki pagadiak eta ameztiak dira. Gipuzkoako mendiko haritz alerik onenak ere aurki daitezke. Larreei dagokienez, 3.000 hektareatik gora estaltzen dituzte eta Urbia, Aloña, Degurixa edota Alabitako ganadu-etxola garrantzitsu batek aprobetxatzen ditu. Mendigune honen ezaugarri nagusienetako bat gaztaren ekoizpena da.

 

Gainera, Gipuzkoak ondoko Biotopo babestuak ditu: Leitzaran ibaiaren harana (1995) (5.158 hai) eta Inurritza (1997) Zarautzen, padura eta hareatzarekin.

 

Natur gune interesgarriak

 

Natur gune interesgarri gisa ondokoak nabarmendu daitezke: Jaizkibel, Txingudi eta Bidasoako Irlak, Ulia, San Anton, Mendizorrotz, Punta Mendata, Santiago hondartza (Zumaia), Bedua (Zumaia), Garate-Santa Barbara, Oriaren Itsasadarra, Mutriku-Saturraran, Udalaitz, Izarraitz, Ernio-Gaztume, Arno-Olatz, Andutz, Murumendi, Karakate-Irukurutzeta, Araxes-Jazkugane, Aginagako Urtegia, Haranerreka-Kilimon, Atxulondo-Abalotz, eta Gorostiaga mendia.

 

Bereziki Txingudiko Badia eta Bidasoako Irlak eta, Izarraitz eta Murumendiko sektoreak nabarmendu behar dira.

 

Zuhaitz bereziak

 

Zuhaitz berezitzat jotzen dira ondokoak: Douglas izeia (Albiztur); Magnolia (Bergara); Artea (Beriyo-Donostia); Artelatza (Meagas-Getaria); Artea (Aizarnazabal); Haritz kanduduna (Igara-Donostia); Hagina (Aia); Ginkgo (Hernani); Sekuoia (Arrasate); Pagoa (Altzo). Interesgarriak diren beste zuhaitz batzuk dira: Pagoa (Ataun); Gaztainondoa (Zegama); Urkia (Zegama); Pagoa (Segura); Intxaurrondoa (Zizurkil); Gaztainondoa (Belauntza); Pagoa (Leaburu); Pagoa (Amezketa); Pagoa (Astigarraga); Kaliforniako altzifrea (Zumaia); Intsinis Pinua (Getaria); Pinazi Pinua (Getaria); Likidanbar (Zestoa); Intxaurrondo Beltza (Zestoa); Ezpela (Azpeitia); Pagoa (Azpeitia); Pagoa (Andoain); Pagoa (Oiartzun); Pagoa (Olaberria); Artea (Itxasondo); Artea (Mutriku); Zumar Hostozabala (Oñati); Elorri Zuria (Oñati); Gaztainondoa (Aretxabaleta); Pinua (Aretxabaleta); Haritz Kanduduna (Irun); Zumar Hostotxikia (Irun); Hagina (Hondarribia); Libanoko Zedroa (Donostia, Cristina-Enea); Tamarindoak (Donostia, Alderdi-Eder); Ereinotza (Pasaia); Lawson Altzifrea (Donostia, Aiete); Gaztainondoa (Oiartzun); y Haritz amerikarra (Usurbil).

 

Gipuzkoako natura-guneen mapa

Gipuzkoako natura-guneen mapa

 

Paisaia geografikoak

 

Merezi du adierazgarritzat jo daitezkeen Gipuzkoako lurraldeko hainbat paisaia geografiko labur-labur aipatzeak.

 

Paisaia bakoitzean bisualki adierazten dira ingurune fisikoaren eta gizakiaren arteko erlazio eta mendekotasunak, benetako sistema bat osatuz. Gipuzkoan hiru paisaia-eremu handi ezberdin ditzakegu: Itsasaldea; Haran eta Mendi Atlantikoak; eta Atlantiko-Mediterraneoko banalerroko Mendiak. Horietako bakoitza hainbat sektoretan zatitu daiteke era berean.

 

Itsasaldetik hasten bagara, Mutriku-Saturraran sektorea aurkituko dugu, Mutriku dagoen kubeta eta itsasertzeko flysch-a (hareharriak eta margak), mendien bizkarrak eta muinoak, nekazaritza eta ganadu jarduerak dituzten baserriekin, eta baso mistoa, intsinis pinua eta otalurra. Astigarribiako auzo landatarra nabarmentzen da, Done Jakue Bidearen kostako ibilbidearen puntu garrantzitsua, San Andres eliza duena.

 

Itsasaldeko beste sektore bat Punta Mendata-Sakoneta da (Deba eta Zumaia bitartean), bizkardun mendiak eta labar ikusgarri bat duena, non itsas urraduraren plataforma ezberdinak marrazten diren. Foru Aldundiak jolaserako parke naturaltzat jo du eta bertan birpopulaketa-lan handia burutzen ari dira bertako espezieekin.

 

Itsasaldean jarraitzen badugu, Zumaia-Urolako itsasadarra sektorea daukagu. Bertan ibaiaren meandroa ikus dezakegu, Santiagoko hondartzaren hareatzak eta dunak eta padura txikia, itsasertzeko "flysch" ikusgarriarekin batera. Gertu dagoen puntu interesgarri bat Getariako Sagua da (tonbolo txiki bat).

 

Logikoki, beharrezkoa da Zarautz-Orio-Aia, Donostia eta Txingudiko badiako sektoreak aipatzea. Zarauzko sakonunean, hondartza eta hareatza, duna eta paduren sektore txikiak nabarmendu behar dira, herriaren atzean geratuz, itsasertz aurreko muino eta bizkarrak, larre, konifero, harizti eta otalurrez estaliak. Aipatzekoa da, halaber, Santa Klaran dagoen artadi-artelatz baso txikia. Atentzioa ematen dute, era berean, Oria ibaiaren meandroek eta bere bokaleak, "flysch" geruzekin, hareharri eta margazkoak, alde bietara.

 

Itsasertz aurreko sakonuneari jarraituz, Donostiara iritsiko gara. Bertan ditugu Ondarreta, Kontxa eta Zurriola hondartzak, Santa Klara uhartea, Igeldo eta Ulia mendiak, Urumearen bokalea eta Urgulleko tonboloa, eta Añorgako eta Urumeako ibarrak. Hemendik gertu ditugu Pasaiako badia eta Oiartzungo harana.

 

Txingudiko badia estuario eta paduren ekosistema gisa nabarmentzen da eta hareatzak, ubideak, irlak, etab. ditu. Hemendik gertu dauzkagu Jaizkibel mendia eta Higer lurmuturra, baita Aiako Harria parke naturala eta Bortzirietako Mendigunea ere.

 

Itsasertz aurreko erliebe eta haranetan, Urola haranean, Iraetako meandroa eta ibaiertzeko basoa nabarmen daitezke; Itziarko mendatea; Lasturko harana, jatorri karstikoa duena; Zestoa eta Pagoetako parkea.

 

Haran eta mendi atlantikoetan, bitarteko erliebeak eta barnealdeko haranak aurki ditzakegu: Urko, Elgeta, Murumendi, Arrolamenti, Gabiria, Deba Erdia, Deba Garaia(Arrasate), Urola (Urrestila harana, Izarraitz, Azpeitia, Loiola, Azkoitia, Errezilgo harana), Oria (Goierriko lurrak, Agauntzako harana, Leitzarango harana, Berastegikoa, Orexa eta Araxeskoa), konifero, pagadi, harizti, zelai eta larre handiekin, oso gizatiartutako paisaia batzuen erdian.

 

Azkenik, hego eta hego-ekialdeko zerrenda menditsuan, Aizkorri, kareharrizko murutzar izugarria, zeinu karstiko nabarmenekin, eta Aralar mendilerroak daude. Aizkorrin, bere gailur esanguratsuenez gain, Aitxuri (1551 m.) adibidez, Arantzazu eta gertu dagoen Oñati herria nabarmendu behar dira. Aralarren nabarmentzekoak dira Larraitz sektorea, harizti ederra, Bedaio basoa (hostozabal eta zelai ugariak), Aritzaga harana, glaziar eta ibai modelatuarekin, eta Txindoki mendia, forma karstikoekin.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.