ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:
Desplegar menú Mostrar buscador

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Donostiako eskualdea (Donostialdea)

Gipuzkoako eskualdeak

Gipuzkoako beste eskualde batzuk:

Gipuzkoako ipar-ekialdean dago. Iparraldean itsasoa du muga eta ekialdean, Bidasoa Beherea eta Nafarroa. Hegoaldean, Nafarroa eta Tolosaldea ditu mugakide; mendebaldean, Urola-Kostaldea eta Tolosaldea. Guztira 305.2 km²ditu.

 

Klima ozeanikoa da. Batezbesteko, urteko euri kopurua Donostiako 1.500 mm eta Oiartzungo 2.200 mm bitartean dago; udazkena da euritsuena, uda berriz idorrena. Halako eremu txikiko eskualdean gorabehera handiak daude urteko prezipitazioetan, bistan denez Oiartzun inguruan mendi hegalak NE aldera begira daude. Itsasaldeko haizeari eragozpena jarriko dion erlieberik ez dagoenez, maiz itsasoko lainoa mendi hegal horietara bildu eta euria ekartzen du bertara.

 

Tenperaturak leunak dira. Igeldoko behatokian batezbesteko tenperaturarik hotzena otsailean izaten da (8 °) eta beroena berriz abuztuan (19,5 °). Urteko batezbesteko tenperatura 13,2 ° da.

 

Oiartzun, Urumea eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak; erliebea perpendikularki zatikatzen dutelarik, airetik ikusita koadrikula itxura ematen diote. Oiartzun ibaia Aiako Harrian sortzen da; 15 km-ko bide laburra egin ondoren, Arditurri eta Sarobe erreken urak jasota, itsasoratzean Pasaiako itsasadarra osatzen du.

 

Urumea Nafarroan sortzen da; Hernani eta Donostia zeharkatu ondoren, Zurriolan itsasoratzen da 40 km-ko bidea egin eta gero; bidean Landarbaso eta Añarbeerreken urak biltzen ditu. .

 

Oria ibaia Gipuzkoako ibairik luzeena (66 km), ugariena (26,3- segundoko) eta arro zabalenekoa (871 km²)da. Eskualde honetan, Andoain, Urnieta, Donostia eta Usurbil zeharkatzen ditu, eta Leizaran eta Abaloz erreken ura jasotzen du. Badirudi Oria ibaiak hartzen duen joera ikusita Donostian itsasoratu beharko lukeela, baina Zubietan 90 °C-ko jira egin, eta bihurgune zabaletan barna, eskualde honetatik irten eta Orion itsasoratzen da.

 

Donostialdea da Gipuzkoako eskualdeetan biztanleriarik handienekoa. Hamaika udal dira: Donostia, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil. Udal barrutirik handienak Donostiakoa (61,5 km²) eta Oiartzun (60 km²)dira.

 

Nabarmentzekoa da 1900. urtean 64.000 biztanle zirela eskualde honetan, horietatik 41.000 Donostian. Mendearen erdian, eskualdean 164.000 biztanle zeuden eta 1975ean, 312.000 biztanle erroldatu ziren. Eskualdeko biztanleria, 1991n, 315.758 lagunek osatzen zuen (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoaren %14,8, eta Gipuzkoako %46,2). Bilboko eskualdearen atzetik, Donostialdea da Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleria handieneko eskualdea (1,032 biztanle /Km²). Hiriburuak eskualdeko 180.265 biztanle ditu (%60) eta Errenteriak 38.802 biztanle, (%13). Hernani, Lasarte-Oria eta Pasaia biztanleriaz antzekoak dira: 18.000 biztanle (%5,7).

 

Eskualde hau izaera metropolitanoa hartzen ari da pixkana-pixkana, baina prozesu hori Bilbon baino astiroago doa oraindik. Bidasoa Behereko eskualdearekin harreman hain estuak direnez, esan daiteke bi eskualdeok area funtzional bakarra osatzen dutela, Donostiaren eraginpean; Irun-Hondarribia da eskualdeko bigarren burua.

 

Donostiaren eragina eskualdeaz haratago doala esan behar da. Orio oso lotua dago Donostiarekin, nahiz hurbilago duen Zarautzek lotzen duen oraingoz. Beste muturrean, Billabonak eta Zizurkilek badute loturarik Donostiarekin, nahiz Tolosaren eragin eremuan bizi. Hala ere, azken horren garrantzia Donostiarenarengatik gutxitzen doa poliki-poliki.

 

Errepideko komunikabideetan, A-8 autobidea (Bilbao-Behobia) aipatu behar da lehen-lehenik; ekialdera, Bidasoa Behereko eskualdearekin lotzen du, eta mendebalera, berriz, Zarautz, Eibar eta Bizkaiarekin. N-I errepidea (Madril-Irun) autobiabihurtzen da Beasain-Donostia tartean; bertatik abiatzen da A-15 Nafarroako autobia, Iruñearekin eta Ebroko arroarekin lotzeko. Itsasaldeko N-634 errepide bihurriak kostako herriak lotzen ditu, Eibar eta Bilbo aldera jotzeko.

 

Trenbideetan Madril-Irun burdinbide zabala nabarmendu behar da alde batetik, RENFEk ustiatzen duena, eta Donostia-Hendaia (Topoa) nahiz Bilborainoko bide estukoak bestetik. Bilbora doan azken trenbide horrek nekez egin diezaioke lehia errepide gaineko garraioari, joan-etorri laburretan ez bada. Abiadura handiko trenaren proiektuak eskualdea zeharkatzeko asmoa dauka, baina erabaki gabe dago Donostiarekin nola lotuko ote den.

 

Itsas garraioa Pasaiako portuaren bitartez egiten da. Oiartzun ibaiak itsasoratzean sortzen duen itsasadarra hartzen du portuak, Donostia, Pasaia eta Lezoko udal barrutietan. Merkataritzaz gainera, arrantzako itsasontzi asko du portuak, eta badira kirol jardueretarako nasa edo eremu berri bat egokitzeko proiektuak. Merkataritzaren aldetik, Pasaiako portuak 4.200.000 t salgai higiarazten ditu urtean, batez ere txatarra, autoak eta petroliotik eratorritako gai finduak. Baditu bere eragozpenak: sarrera zaila dauka, hondoak (10-12 m) muga jartzen die itsasontzi handiei, eta, batez ere, lehia handia egiten dio Bilboko portuak, egoera fisiko eta tekniko hobea baitauka.

 

Ekonomiaren aldetik ikusita, eskualde hau Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren gunea da. Lanean ari den biztanleria 106.793 lagunek osatzen dute; gehienak hirugarren sektorean ari dira -ehuneko hirurogei inguru-; portzentaje hori, Donostiaren kasuan, ehuneko hirurogeita hamar da.

 

Donostian administrazio-jarduera handia dago: bertan daude Estatuko administrazioaren ordezkaritzak eta Eusko Jaurlaritzako sailen ordezkaritzak. Horiez gain, Lurralde Historikoko administrazioa bera, hau da, Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak, eta Udalarena ere Donostian daude.

 

Justizia-administrazioak Donostian dauka Probintziako Auzitegia eta gainerako epaitegiak (6 instantziakoak, 5 instrukziokoak eta penalekoak, eta 4 sozialekoak). Andoain ez dago Donostiako epai barrutiaren barnean, Tolosakoan baizik.

 

Osakidetzaren Osasun etxe eta ospitaleak Zorroaga inguruan kokatzen dira. Bertan dagoen Gipuzkoako Ospitaleen gunea ondoko osasun etxeek osatzen dute: Arantzazuko Ama Ospitalea, Gipuzkoako sareko burua da; Gipuzkoako Ospitalea, eskualdeko zerbitzu gisa diharduena; Ama-haurren Ospitalea, Arantzazuko Ospitalearen alboan dagoena eta Amarako Ospitalea, egonaldi ertain eta luzeetan espezializatua. Osasun etxeen sarea Ospitale Onkologikoak, Gipuzkoako Poliklinikoak, Matia Fundazioko Ospitale Geriatrikoak eta bestelako klinika txikiagoek osatzen dute. Bestalde, anitz dira anbulatorio, erietxe eta gisakoak.

 

Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta goi mailako eskola tekniko asko dago Donostiako campusean (Zientzia Kimikoak, Informatika, Zuzenbidea, Filosofia Eta Hezkuntza Zientziak, Enpresa Zientziak, eta Arkitektura). Horiez gainera, Deustuko Unibertsitateko fakultate batzuk (Enpresa Zientziak, Filosofia eta Letrak) eta Nafarroako Unibertsitateko bat (Ingeniaritza) daude. Halaber, unibertsitate eskolak (Irakasletza, Ingeniaritza Teknikoa, Erizaintza, eta Turismoa) eta Musika Kontserbatorio Nagusia daude Donostian.

 

Euskal Telebistak programak ekoizteko zentroa dauka Miramonen, Euskadiko Orkestraren aldamenean. Irrati publiko nahiz pribatu askok dituzte estudioak eta ekipoak eskualde honetan, batez ere Donostian. Egunkarietan, El Diario Vasco egunkariak bere erredakzioa eta makineria hiriburuan dauzka, baita Gara, Diario de Gipuzkoa eta Berria egunkariek ere.

 

Turismoari lotutako jarduerek tradizio handia daukate eskualde honetan XIX. mendearen amaieraz geroztik; hiriburuan batez ere, sektore garrantzitsua da gaur egun turismoa. Hoteletan 1.500 bat gela daude -3.000 pertsona ingururentzako lekua-, eta horietatik erdia lau edo bost izarretako hoteletan dira. Ez dira, noski, kopuru handiak, baina oro har hotelen eskaintza ondo orekatua dagoela esan daiteke, turismoa urtaro jakinetan etortzen baita.

 

Biltzarrak eta bestelako kultura jarduerak sustatzen badira, eta turismoa erakartzeko zailtasunak ipintzen dituzten bestelako faktore sozialak desagertzen badira, ez da zaila hotelen kalitatezko eskaria urte osoan zehar banatzea, eta ez bakarrik urtaro jakin batzuetan. Oporretarako bigarren etxebizitzak bost mila inguru dira eskualde honetan; Donostian daukate batez ere garrantzia.

 

Donostialdean sei mila saltoki txiki inguru daude, gutxi gorabehera erdiak Donostian bertan. Alde horretatik ikusita, Donostiaren eragina probintzia osoko herrietara hedatzen da; bakar-bakarrik esan daiteke ipar-mendebaleko bazterra dagoela eragin horretatik aparte, Bilboko eraginpean baitago, eta hego-mendebalekoa, Gasteizeko eraginpean. Nabarmendu beharra dago, baita ere, bi hipermerkatu edo saltoki handi direla Oiartzunen, eta beste bi daude Donostiako Intxaurrondo auzoan eta Usurbilen. Donostiak eta Pasaiak arrantza-portu bana dute. Baxurako arrantzan hogeita hamarna ontzi dira, 145 eta 171 arrantzalerekin guztira. Donostiako itsasontzi gehienak tretzako arrantza teknika zaharretan daude espezializaturik; ez da harritzekoa, beraz, donostiarrek urtean 1.600 t arrai harrapatzen duten bitartean, pasaitarrek 5.500 t harrapatzea.

 

Pasaiako alturako itsasontziak asko izan ziren hirurogeigarren hamarkadan: 280 ontzi izatera ere heldu ziren. Gaur egun ordea 58 besterik ez dira, horietatik 20 bakailaotarakoak, 9 izozkailuak eta 29 arrastreroak; guztira 1.000 arrantzale hartzen dituzte.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.