ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

Batzar Nagusien agenda.

Batzar Nagusietako ekimenak.



BILATZAILE OROKORRA

Gipuzkoako Batzar Nagusien web-aren bilatzaile orokorra:
Desplegar menú Mostrar buscador

Gipuzkoa


ORRI HONEN BIDE-IZENA



ORRIAREN EDUKI NAGUSIA

Goierri

Gipuzkoako eskualdeak

Gipuzkoako beste eskualde batzuk:

Gipuzkoako probintziaren hego-ekiaIdean dago; 340,5 km²-ko lur eremua hartzen du, Urola eta Oria ibaien ur goien eta erdibidean. Iparraldean Urola-Kostaldeko eskualdea du muga; ipar-ekiaIdean, Tolosaldea; mendebalean, Deba Garaia; eta hegoaldean, Araba eta Nafarroa.

 

Urola eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak. Urola ibaia Aizkorriko mendietan sortzen da, Arbelaitzen (1.513 m) inguruan; Legazpi, Urretxu eta Zumarraga zeharkatu ondoren, irten egiten da eskualde honetatik. Oria ibaia, berriz, Otzaurte aldean sortzen da, eta eskualdeko lurretan barrena Itsasondoraino doa; bidean, Mutiloa, Estanda, Santa Luzia, Arriaran (urtegia dauka), Urtsuaran, Agauntza (Lareoko urtegia dauka) eta Zaldibia erreken urak biltzen ditu.

 

Goierriko landaredia batez ere larreek eta pagadiek osatzen dute ur isuraldea ebakitzen duten mendietan: Aralar, Altzania, Urkila eta Aizkorri; 600 metroz behera, ordea, hariztiak daude pinu sailekin batera, behe lurretan, pinudiak eta belardiak dira nagusi.

 

Naturaren aldetik interesgarriak dira: hegoaldean, Aralar eta Aitzgorri-Aloña-Léniz Gune Natural Babestuak; iparraldean, Murumendiko Gune Naturala. .

 

Eskualdeko biztanleria 66.246 biztanlekoa da, hau da, Gipuzkoako biztanleriaren ehuneko hamar gutxi gorabehera. Beasain (12.558 biztanle) eta Zumarraga (10.287) dira eskualdeko hiri-geografiaren buru; horiei beste hemeretzi herri gehitzen zaizkie.

 

Beasaingo, Ordiziako (9.234 biztanle) eta Lazkaoko (4.990) herriguneek izan duten zabalkundearen indarrez, hiru udal barruti horiek elkartu egin direla esan daiteke, eta eskualdearen buru egiten duen konurbazioa sortu. Bere eraginpean bizi dira Olaberria (1.013 biztanle), Arama (158), Ormaiztegi (1.182), Mutiloa (164), Zerain (238), Zegama (1.401), Segura (1.275), Idiazabal (2.034), Ataun (1.690), Zaldibia (1.520), Gaintza (128), Altzaga (95) eta Itsasondo (630). Legorretak, nahiz Tolosaldearen barruan egon, harreman estuak ditu Goierrirekin.

 

Urola Garaian ere beste horrenbeste gertatzen da. Zumarraga eta Urretxu (6.149 biztanle) ia elkartu direlarik, halako konurbazio txiki bat sortu dute; esan daiteke eskualdeko bigarren burua dela hori, eta bere eraginpean bizi direla Legazpi (9.183 biztanle), Gabiria (428) eta Ezkio-Itsaso (515). Baserri giroko alderdi paregabean diren azken bi herri horiek ere eskualdeko buruaren eragina jasotzen dute.

 

Legazpi, Zegama eta Idiazabalgo herrien hegoaldean Araba eta Gipuzkoako Partzuergoa dago. Urbiako ordokia eta Ataungo ekialdean dagoen Enirio-Aralar hartzen ditu.

 

Goierriko biztanleria oso bizkor hazi zen 1950etik 1960ra bitarteko hamarkadan, baina 1970etik aurrera hazkundea oso moteldu zen. 1981ean egindako erroldan biztanleriak beheranzko joera hartu zuela ikusten zen, eta handik aurrera joera hori bizkortu egin dela esan daiteke. Gaur egun, Deba Beherekoekin batera biztanleak galtzen ari dira Goierriko herri guztiak; hala ikusten da 1985etik 1991ra bitartean egindako azterketan.

 

Komunikabideetan, eskualdeko bizkar hezurra N-I (Madril-Irun) errepidea da; Nafarroa nahiz Alaba aldera (Etxegarateko gaina, 658 m) lotzeko bidea da, Arsuaran haranean zehar.

 

Beasaindik GI-120 errepidea abiatzen da, Nafarroarekiko lotura egiteko (Lizarrustiko gaina, 822 m). Zumarraga eta Deba Garaiarekiko lotura (Deskargako gaina, 587 m) GI-632 errepidearen bitartez egiten da. Zumarragatik Urola-Kostaldera jotzeko GI-631 errepidea erabil daiteke, eta Legazpi edo Deba Garaira jotzeko (Udanako gaina, 617 m), berriz, GI-2630 errepidea.

 

Trenbideak ere garrantzi handia izan du eskualdearen bizitza eta egitura sendotzeko, Oriako haranetik sartzen da Gipuzkoara trenbidea, Urolan barrena Urretxu eta Zumarragara heltzen da, eta handik ostera Oria aldera jotzen du, Irungo bidean Beasain eta Ordizia zeharkatuz. Abiadura handiko trenak Goierri E-W norabidean zeharkatuko du, gutxi gora-behera gaur egungo bidean Urretxuraino; handik Antzuola eta Elorriora joko du, Gasteizetik eta Bilbotik datozen adarrekin elkar lotzeko. Ezkio-Itsason bazterbide bat egiteko asmoa dago.

 

Goierriko ekonomia industriaren gainean dago antolatua; sektore horretan hamaika mila pertsona ari da lanean (langile guztien %51). Bederatzi langilez gorako lantegiak ehun baino gehiago dira; guztira, 9.000 langile hartzen dituzte. Gehienak metalgintzarekin lotutako jardueretan ari dira: Patrizio Etxeberria, Legazpin; Esteban Orbegozo, Zumarragan; Aristrain, Olaberrian; CAF (Compañía Auxiliar de Ferrocarril), Beasainen. Lantegi handi horietako batzuk herri barruan daude.

 

Lantegi nagusi horien inguruan enpresa txikiagoak sortu dira, metalaren transformazio lanetan espezializatuak: Indar, Estandako Fundizioa eta Ampo, Beasainen; Jaso, Idiazabalen eta Itsasondon; Irizar, Ormaiztegin; Irimo eta Sarralde, Urretxun; eta abar.

 

 


ORRI-OINA:

Orri honen hasierara joan.